Lehen sektorearen egungo testuingurua aletu dute Kulturaten

Hasier Larrea 2023ko api. 18a, 16:28

Goienagusik antolatuta, Euskal Herriko baserritarren egoera ondo ezagutzen duten Julen Abasolok eta Maite Aristegik hitzaldia eman dute, Arrasateko Udaleko Landa-eremuko teknikari Pello Garairen galderetatik abiatuta.

Kezkaz jardun dute etorkizunaz, azken hamar urteetan EAEn hiru baserritik bat eta zelaien %60 galdu direla kontuan hartuta. Gaur egun baserritarren batez besteko adina 57 urtekoa da, eta krisi klimatikoak zein Ukrainako gerrak ez dute lagundu baserritarren zein kontsumitzaileen interesak hobetzen. Horiei elikagai sintetikoen aldeko politikak gehitu behar zaizkiela gaineratu dute.

Tantaka bada ere, baserritik bizi nahi duten gazteak egon, badaude. Arientza auzoko Behizain Eskolan formazioa ematen die Abasolok berak zenbait gazteri, eta horrek "argi-printza batzuk" badakartzala aipatu du. Hala ere, belaunaldi berriek politika publikoetatik babes handiagoa jaso beharko luketela adierazi dute bi hizlariek: "Agroekologia eta elikadura burujabetza da sustatu behar dena, politika global zein lokaletatik. Jaki osasuntsuak eta baserri bizia izateko modurik onena da hori", azaldu du Aristegik.

Adibide bezala jarri dute eskola-jantoki, zahar-etxe zein ospitaleetan banatzen diren jakiak bertako produktuak izatea, hartara baserritarrek ziurtatuago izango dutelako modu duinean lan egitea. Hori pauso bat izan daiteke, baina oinarrizko aldaketak gertatzeko, uste dute jendeak galdetu beharko lukeela "egunerokotasunean jaten duena nondik datorren, elikadura burujabetzaren garrantziaz eta elikagaiak kanpotik ekartzeak dakartzan kalteez ohartzeko".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak