Asensiok hartu du hitza eta nabarmendu du 14 hautagaiek “ilusioa eta anbizioa” dutela, baina baita herritarrenganako "entzute eta hurbiltasunean" oinarritutako kudeaketan esperientzia ere. Azken lau urteetako proiektuetan jarri du azpimarra; tartean Arrasatekoak: Santa Teresa auzoaren eraberritzea, autobus geltokia eta bidegorri sarea, besteak beste: "Hori da eskualde honek behar duena; norbaitek harreta jartzea. Bere orainaz eta etorkizunaz arduratzea, jendearen arazoei benetan erreparatzea eta haien beharrei erantzutea. Kudeaketa sozialista behar du eskualde honek bere etorkizuna bermatzeko". Deba Urola "potentzial" handiko barruti gisa definitu du, eta azpimarra jarri du bertako jarduera kooperatiboan eta industria tradizioan.
Maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeei begira ere hitz egin du. Esan du maiatzaren 28a gipuzkoarrentzat “une erabakigarria” dela, orduan erabaki beharko baitute “beren ongizatea” defendatu ala ez: "Horregatik, maiatzaren 28an, pertsona bakoitzak norbere eskutan izango du eskualdearen, eskubideen, lanaren eta bizitzaren etorkizuna; hori guztia aukeratuko duen botoan. Hori posible izango da soilik sozialistak udaletan eta Foru Aldundian bagaude".
Ekitaldi osoan alboan izan ditu Mari Jose Telleria kultura diputaduta, baita zerrendako zenbait kide ere. Besteak beste, Eibarko Alberto Albistegui, Arrasateko Aritz Murua, Orioko Ana Priede, Zumaiako Duñike Agirrezabalaga, Zarauzko Inaxio Illarramendi edota Azkoitiko Janire Igoa.