HEMEN DEBAGOIENA

Tammer Hussain: "Pertsona batentzat oso zaila da herrialdea uztea"

Miren Arregi Amasorrain 2023ko api. 5a, 09:00

11 urte daramatza Euskal Herrian Tameer Hussain pakistandarrak, Arrasaten. Lehenengo urteetan Bilbon lan egin zuen, eta joan-etorrian ibiltzen zen. Emaztea ere etorri zen duela urte gutxi, eta orain, bi seme-alabaren guraso dira.

Ile-apaintzailea da ofizioz eta hemen ere horretan dihardu. "Familia-negozioa da gurea, ilea moztea gustatzen zait, eta Pakistanen ere halaxe nintzen". Alde horretatik, zorteko sentitzen da Hussain, besteak beste, jendearekin harremanetan egotea gustuko baitu, eta ofizioak horixe ahalbidetzen dio. Gainera, urteekin, bezero mordoa dituela dio: "Arrasatekoak asko, eta Oñatitik, Aretxabaletatik, Eskoriatzatik ere etortzen dira. Orain, gazteak geroz eta gehiago. Ile-mozte modernoak egitera asko eta asko etortzen dira".

Pakistanen egoera gogorra

Pakistandarrena da Arrasaten azken urteetan gehien hazi den komunitatea. Gehienek zerbitzuetan eta obran lan egiten dute. Eta ez da harritzen etorrera horiez guztiez; izan ere, dio, euren herrialdeko egoera oso gogorra dela. "Nork bere herria uztea oso gogorra da, lan handia egin beharra dago, etengabeko borroka da. Hizkuntza ulertzen ez duzun toki batera iristen zara, jendearendako kanpotarra zara, eta niri asko kostatu zitzaidan hemen harremanak sortzea. Poliki-poliki, lortu dut", dio.

Hussain harro dago hartu zuen erabakiaz, uste baitu hemen "hobeto" bizi dela. "Nire bezero gazteei askotan esaten diet ez dutela kexatzeko arrazoirik. Pakistanen bizimodua oso gogorra da, han jendeak asko sufritzen du. Osasuna, hezkuntza, lana... ez dago ezer. Horregatik irteten gara handik; izan ere, oso zaila da pertsona batentzat herrialdea uztea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak