HEMEN DEBAGOIENA

Alejandra Ramirez: "Ogibide bera izango ez duzula onartzea kolpe handia da"

Miren Arregi Amasorrain 2023ko api. 5a, 09:00

Alejandra Ramirez Lopez Medellin hirikoa da (Kolonbia) eta duela urtebete utzi zituen herria, familia eta han zuen guztia Arrasatera etortzeko. Urtebetea pasatuta, migrazioa "oinak lurrean direla egiteko zerbait" dela dio, "errealitatea oso gogorra delako, eta ez batzuetan uste izaten dugun bezain polita".

Ramirezek migrazio-doluaz hitz egiten du: "Lehenengo hilabetean, senitarteko bat bisitatzen egongo banintz bezala sentitzen nintzen, benetan ohartu barik nire herria, lagunak, familia... denak atzean utziak nituela. Gerora egin dut dolua, migrazio-dolua existitzen baita". Zure herria utzi izanaren minari gehitu behar zaio herrialde berriarekiko talka kulturala; izan ere, Ramirezentzat latza izan da "horren desberdina den kultura batekin" topo egitea. "Batetik, euskararekin topo egin dudalako, baina, bereziki, pertsonen izateko moduagatik. Gu oso irekiak, alaiak eta karismatikoak gara, eta iruditzen zait hemen hotzagoak eta serioagoak zaretela. Egokitzen dihardut".

Lana, hilabete bukaerara iristeko

Halere, Ramirezendako aurrez aipaturikoa baino gogorragoa izan da haren ofizioa utzi beharra. Bera banaketako eta logistikako lan-teknikaria da, baina hemen beste sektore batzuetan dihardu. "Hori egoan sekulako kolpea izan da. Onartzea zure ogibidea ez dela bera izango eta ostalaritzan, umeak eta nagusiak zaintzen edo beste edozertan lan egin beharko dudala hilabetea pasatu ahal izateko". Hala ere, oraingoz, hemen jarraitzeko asmoa du, "migratzailearen erronka eta helburu nagusia egonkortasuna lortzea" baita, eta uste du "hori lortzeko toki egokia izan daitekeela Euskal Herria". Egonkortasun bila etorri da, eta bila jarraituko du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak