Unai Paroti "lege arrunta" aplikatzeko eskatu du Sarek Arrasateko manifestazioan

Idoia Aranbarri Arzuaga 2023ko api. 2a, 21:03

33 urte bete ditu kartzelan Unai Parotek eta, horren harira, Arrasateko Sarek deitutako manifestazioa egin dute gaur arratsaldean. Amaieran irakurri duten manifestuan, behin eta berriz azpimarratu dute ez dutela pribilegiorik eskatzen, eskatzen duten gauza bakarra "lege arrunta" aplikatzea dela: "Unai lege arrunta aplikatuta, zigorraren hiru laurdenak beteta, 2018an kalean egon beharko litzateke. Hori da eskatzen duguna".

Unai Parotek 33 urte bete ditu espetxean gaur, apirilak 2, eta gaur arratsaldean Arrasaten egindako mobilizazioan, espetxetik ateratzeko eskatu dute, Bizi osorako zigorrik ez lelopean. Seber Altube plazan hasi da elkarretaratzea eta espetxeraturik daramatzan 33 urte horiei erreferentzia eginez, 1990ean jaiotako hiru gaztek eraman dute pankarta; atzetik, berriz, jende andana."Irudikatu nahi genuen 33 urteko pertsonak, Parot atxilotu zuten urtean jaiotakoak. Modu horretan ikus dadin, zer den bizi oso bat espetxean ematea", adierazi du Arrasateko Sareko kide Enrike Letonak.

Arrasateko kaleetan zehar manifestazioa egin ostean, Seber Altuben batu dira berriro ere. Ekiñe Casadok abesti bat eskaini du eta ondoren, manifestua irakurri dute. Eguerdian Parotek bisita izan du espetxean eta berak helarazitako esker mezuarekin hasi da hitzartzea: "Gaur eguerdian Unaik bisita izan du eta bisitan egon direnei behin eta berriz esan die Arrasateko herriari eskerrak emateko, bere aldeko mobilizazioetan parte hartzeagatik". 

Legea betetzeko eskaera

Behin eta berriz aldarrikatu dute pribilegiorik ez dutela eskatzen; eskatzen duten gauza bakarra lege arrunta aplikatzea dela. Hala adierazi du Letonak: "Unai lege arrunta aplikatuta, zigorraren hiru laurdenak beteta, 2018an kalean egon beharko litzateke. Hori da eskatzen duguna. Beraiek horrenbeste aldiz esaten digute legea betetzeko dela eta bete egin behar dela, baina guk ere hori eskatzen dugu. Unaik ere eskubide berak ditu eta legea betetzeko eskatzen dugu". Halaber, gaur egun indarrean dagoen legediak "bizi arteko espetxe zigorra" ezkutatzen jarraitzen duela adierazi du. Gaineratu duenez, pertsona bat ezin da birritan arrazoi beragatik epaitu, baina Unai Paroten kasuan hori eign dute.

Mobilizazioaren amaieran, balorazioa egin du Arrasateko Sarek: "Jendea etorri da. Guk jende gehiago etortzea nahiko genuke. Guk dei egiten diogu manifestazioetara etortzeko Arrasateko herriari. Ez dugu inolako pribilegiorik eskatzen. Eskatzen ari garena da legedi arrunta betetzea. Gaur egun indarrean dagoen legedia betetzea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak