Domekan 'goiena.eus'-en jarraitu ahal izango da Arrasate-Udalatx, zuzenean

Xabier Urtzelai 2023ko mar. 29a, 18:04

Domekan egingo dute Arrasate-Udalatx lasterketaren zazpigaren edizioa. Eta aurtengo berritasunetako bat da lasterketa goiena.eus atarian jarraitu ahal izango dela zuzenean streaming bitartez. Aurrekoen borrokan ibiltzeko faboritoen artean hainbat debagoiendar daude: Ainara Urrutia, Ane Zabala, Iñigo Alzola edota Aritz Kortabarria, esaterako.

Domekan (10:00) 350 lasterkari batuko dira Arrasate-Udalatx lasterketaren zazpigarren edizioan. Lasterketak bere izaera mantendu nahi du eta aurtengo ediziorako Mondraitz Kirol Klubeko kideek aurreko urteetako edizioak izan dituzten osagai nagusiak mantenduko ditu. Alegia, ibilbidean ez da aldaketarik izango (21 kilometro, 1.200 metroko desnibel positiboa), baina, izango dira berritasunak.  "Aurreko urteko esperientziaren ondoren, edizio honetan ere Arrasate Udalatx lasterketa zuzenean jarraitzeko aukera izango da streaming bidez. Mondraitz, Arteman eta Goienaren arteko lankidetzaren fruitua den emanaldia izango da eta sarean ez-ezik, goiena.eus atarian eta Herriko Plazan egongo den pantaila erraldoian jarraitzeko aukera izango da. Horretaz gain, lasterketa denboren jarraipen ofiziala ere handitu da eta lau tarteko denbora erregistratuko dira edizio honetan", adierazi dute antolatzaileek prentsaurrekoan.

Sari potoloagoak

Izaera popularra duen lasterketa izanda ere, lasterketaren izana indartu nahi izan da eta lehiatzera datozen horiei osagai berriak eskaini. Honela, eta babesle zein laguntzaileen laguntzari esker, sari ekonomikoak handitu dira edizio honetan eta garaikurrak ere berritu dira. Berritasun nagusi bezela, gainsari berezia ere egongo da ibilbideko denbora ofizialak hobetzen dituen lehen lasterkariarentzat (emakume zein gizonezkoetan). Indarrean dauden denbora ofizial onenak 1:47:22 ( 2022 – Gontzal Murgoitio ) eta 2:07:32 ( 2022 – Onditz Iturbe ) dira.

Dortsalak ordu bakarrean agortuta

Aurreko edizioetan gertatu den ez bezela, Arrasate Udalatx lasterketako dortsal guztiak ordu bakarrean agortu zituen Otsaila hasieran eta 350 korrikalari daude deituak irteera puntura. Azpimarratzekoa 184 lasterkari bailarakoak izango direla, eta hortik 119 arrasatearrak. Gainontzeko lasterkariak, Euskal Herriko txoko ezberdinetako lasterkariak dira gehien bat. Aipatzekoa, lasterketak hemendik kanpo ere oihartzunari esker, Bartzelona, Girona, Albacete, Asturias, Errioxa edo Zaragozako lasterkarien parte hartzea. Emakumezkoan presentzia desorekatua den arren, urtetik urtera presentzia handituz doa eta aurten 37 emakumezko izango dira irteera puntuan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak