Kanpazarreko errepidea hobetzeko lanak maiatz erdialdean amaituko dira

Mikel Zumalde Etxabe 2023ko mar. 29a, 14:55

Kanpazarreko errepidea zabaldu eta hobetzeko lanak azken fasean sartuko dira aste honetan. Lanek 1,2 milioi euroko aurrekontua izan dute.

Urriaren 1ean hasi ziren lanak, hain justu, Sarako Merenderoaren inguruan hasi eta Bizkaiko mugaraino doan errepide zatian. Lanetara egindako bisitan, Bide Azpiegituretako diputatu Aintzane Oiarbidek azaldu du maiatz erdialderako lanak amaituta egongo direla. Obrak martxa onean doaz, eta datozen asteetan Bizkaiko mugara arte geratzen diren 250 metroei helduko diete. Lan hauek, 1,2 milioi euroko aurrekontua izan dute.

Aintzane Oiarbidek modu honetan baloratu ditu obrak: "'Obrak ondo doaz, inbertsio handia izaten ari da eta lehenengo bi herenak bukatzen ari gara. Lurzorua amaitu dugu. Azkeneko fasea gelditzen zaigu, baina esan bezala, aurreikusten dugu maiatzerako amaituta egotea". 

Lanak behin bukatutakoan, errepideak bi metro irabaziko ditu; orain arte errepidearen zabalera zazpi metrokoa zen, eta orain bederatzikoa izatera pasako da. Obrak guztira errepidearen 926 metrotan egin dira eta zabalera gehitu ahal izateko ezkerreko mendi-magalean lur-erauzketak egin dira. Beharrezkoa izan den kasuetan, harri-lubetak ipini dira. Oiarbidek, errepide osoa nabarmen hobetu dela azpimarratu du: "Segurtasun handiagoa izango du errepideak, eta erosotasun gehiago ibilgailu eta txirrindularientzat. Gainera hemen kamioi trafiko handia dago, trafiko guztiaren %18a". 

Maria Ubarretxena Arrasateko alkateak, bere aldetik, Kanpazarreko mendatea herriarentzat "oso puntu garrantzitsua" dela nabarmendu du, eta egongo diren bi bazterbideek "bide-segurtasuna handituko" dutela adierazi du: "Egia da arrasatearrok asko erabiltzen dugun errepidea dela Kanpazarrekoa, batez ere, Bizkaira lanera joateko. Obra hauekin denok irabaziko dugu segurtasunean". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak