Mendekotasun arina duten 65 urtetik gorako pertsonei zuzendutako eguneko udal zerbitzua izango da, eta bertan adin nagusikoen jarduera fisikoa sustatzeaz gain, erabiltzaileari arreta pertsonalizatua eskaini nahi diote.
Maria Ubarretxena alkateak Eguneko zentroaren irekiera pausu garrantzitsua dela azpimarratu zuen: "Zaintzarako zerbitzu berri bat da, Arrasatek orain arte ez zuen horrelako zerbitzu bat. 65 urtetik gorako pertsonentzat dago zuzenduta. Ariketa fisikotik hasita, psikologo zerbitzua ere izango dute, eta baita ere digitalizazio tailerrak. Zerbitzu garrantzitsua da, gure herrian adineko pertsona asko daudelako".
Ekitaldia, jendetsua izan zen. Maria Ubarretxena izan zen hitz egiten lehena, baina segituan eman zien paso zentroa kudeatuko duen LK kooperatibako Karmele Barrutia eta Nekane Castellanosi. Ondoren, Abaroako lagunek hiru kantu abestu zituzten.
Nekane Castellano, Atarte-ko dinamizatzailea izango da, eta zerbitzuari buruz xehetasun gehiago eman zituen: "Zerbitzua hasiera batean eskainiko da astelehenetik egubakoitzera, 10:00etatik 13:00etara. Ideia da arlo fisikoa lantzea, kognitiboa, eta emozionala ekintza ezberdinen bitartez. Ekintzak taldearen behar eta nahien arabera antolatuko dira".
Garibai kaleko 1 zenbakiko behe solairua egokitzeko lanek urtebete iraun dute, eta milioi erdiko inbertsioa egin du Arrasateko Udalak. 200 metro karratu ditu lokalak, eta datozen asteotan materialez ekipatuko dute zerbitzua eskaintzen hasi baino lehen. Erabiltzaileak ekarpen ekonomiko bat ordaindu beharko du zerbitzuagatik, bakoitzaren egoera ekonomikoaren araberakoa. Hartara, hilean gutxienez 5 euro eta gehienez 60 euro ordainduko dute.
Bukatzeko, aurre iritziak alde batera uzteko deia egin zuen Arrasateko alkateak, eta 65 urtetik gorako pertsonei zentrora joateko gonbita luzatu zien: "Azkenean, KL kooperatibako langileak izango ditugu hemen zerbitzua eskaintzen eta eskarmentuko pertsonak dira. Horregatik, jendeari etortzera animatzen diogu, zerbitzua nolakoa den ikusteko".
Inaugurazio ekitaldiaren ondoren, datozen asteotan Eguneko zentroa materialez hornituko dute, horrela apirilaren 17an zerbitzua ematen hasteko.