Juankar Davila da Ezker Anitza-IUren Arrasateko alkategaia. 49 urte ditu eta ostalaritza sektorean lan egiten du. Aurkezpen ekitaldian adierazi duenez, "egun garrantzitsua" da gaur berarentzat. "Konpromiso bat hartzen dut nire alderdiarekin, Ezker Anitza-IUrekin, 2023an gure udalerriak, Arrasatek, Udal Gobernu bat izan dezan, pertsonei begietara begiratuko diena; gertukoa, komuna eta guztiona zainduz. Ziur nago hauteskundeetan emaitza on bat lortuko dugula. Hori da gure helburua, eta gure aldetik guztia jarriko dugu hori lortzeko", azaldu du.
Hainbat alderdikide izan ditu ondoan, tartean, Ezker Anitza-IUko Gipuzkoako koordinatzaile Arantza Gonzalez, Gipuzkoako Batzar Nagusietarako hautagai Juan Luis Merino edota alderdiko koordinatzaile nagusi Isabel Salud.
Arrasatek aldaketa bat behar duela azpimarratu du Ezker Anitza-IUren alkategaiak, argudiatuz egungo Udal Gobernuak ez duela fokua jartzen herritarrengan. "Nire gain hartzen dut eraldaketa prozesu honen buru izateko erronka, Arrasaterekiko konpromiso pertsonal eta politikoa hartuz. Hemendik aurrera, gure erronka da Ezker Anitza-IU aukera fidagarria garela konbentzitzea, Arrasaterako proiektu eta programa on batekin", nabarmendu du.
Ezker Anitza-IUren lan-ildoen artean, zentzuzko hirigintza plan bat ezartzea, etxebizitza duin baterako eskubidea bermatzea eta, guztiaren gainetik, politika sozialak ezarri eta zerbitzu publikoak indartzea aipatu ditu Arantza Gonzalezek. "Zerbitzu publikoak berme bakarra dira langileok hezkuntza, osasuna, etxebizitza edo zerbitzu sozialak edukitzeko. Horregatik, udal hauteskundeetan Ezker Anitza-IUko ordezkariok garbi daukagu gure ardura gertukoa zaintzea dela.
Eskoriatzan eta Aretxabaletan, koalizioan
Podemos Arrasaterekiko harremanaz galdetuta, Merinok azaldu du saiatu direla koalizioan aurkezten baina desadostasunak dituztela eta ia seguru, %99an, bakoitza bere aldetik aurkeztuko dela. Edozelan ere, Aretxabaletan eta Eskoriatzan zerrenda aurkeztuko dutela aurreratu du, Elkarrekin Podemosekin, Equorekin eta Aliantza Berdearekin batera, eta Bergaran ere horretarako lanean dihardutela.