Zerrajera kalean alokairu-erregimeneko babes publikoko 51 etxebizitzaren sustapena esleitzeko prozedurari hasiera eman dio Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak. Alokabide sozietate publikoak kudeatuko dituen etxebizitza horietatik 33k bi logela dituzte –hiru etxebizitza mugikortasun urriko pertsonentzat egokituta daude– eta 18k, hiru logela.
Prozeduran izena emateko epea martxoaren 23tik apirilaren 3ra artekoa izango da, eta interesa dutenek honako baldintza hauek bete behar dituzte: Etxebideren Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan alokairuko etxebizitza-eskatzaile gisa alta emanda egotea Arrasaten edo Debagoieneko eremu funtzionaleko udalerrietako batean; eskabidearen titularretako bat, behintzat, Arrasaten erroldatuta egotea esleipenei hasiera emateko agindua argitaratzen denean; jabetzan, azalera-eskubidean edo gozamenean etxebizitzarik ez izatea aurreko bi urteetan; eta bizikidetza-unitatea sei kidek baino gutxiagok osatzea.
Beste baldintzetako bat da 2021eko errenta-aitorpenean diru-sarrerak 9.000 euro eta 39.000 euro artekoak izatea. "Gutxieneko diru-sarreren baldintza ez da kontuan hartuko mugikortasun murriztua duten pertsonen, desgaitasun psikikoa dutenen eta genero-indarkeriaren biktima diren emakumeen edo etxebizitza izateko eskubide subjektiboa onartuta dutenen kasuan", adierazi dute Jaurlaritzatik.
184 etxebizitza guztira
Aipaturiko 51 etxebizitzez gain, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak Arrasaten gauzatzekoa duen jarduketa bakarra. Etxebizitza babestuaren arloan, Visesak salmentako 63 etxebizitza sortu ditu, babes ofizialekoak, eta alokatzeko beste 70 eraikitzen ari da eremu berean. "Horiek esleitzeko prozedura aurreratuta dago, onartuen behin-behineko zerrenda osatuta baitago", diote. Hala, 184 etxebizitza egin dituzte guztira.
Eremu horretan 17.508.000 milioi euroko inbertsioa egin du Jaurlaritzak eta zera adierazi du: "Eremu hori nabarmen ari da indartzen sozietate publikoaren jarduketei esker".
Garibai kalean ere bai
Bestalde, Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura Zuzendaritza ere lanean ari da Garibai kalean, sindikatuen etxea izenez ezagutzen den eraikinean.