Gazteendako hamabi etxebizitza egingo dituzte 'sindikatuen etxea'-n

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko ots. 22a, 11:01

Sindikatuen etxea hesituta dago, lanekin hasi ahal izateko.

Aldi baterako alokairuko zuzkidura-etxebizitzak egingo dituzte Garibai etorbidean, sindikatuen etxea bezala ezaguna den eraikinean. Eusko Jaurlaritzak Tecsa enpresari esleitu dizkio lanak, 2,4 milioi euroko aurrekontuarekin, eta 2025erako amaituta egotea aurreikusten dute.

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura Zuzendaritzak aldi baterako alokairuko hamabi etxebizitza egingo ditu 35 urtez azpiko gazteendako. 40 metro karratuko apartamentuak izango dira, eta horietako bakoitzak sukaldea, jantokia, logela eta komuna izango ditu.

Apartamentu horietan gehienez bost urtez egon ahal izango dira esleitutako pertsonak. "Hori dela eta, hain zuzen ere, bereziki gazteei zuzendutako apartamentuak izango dira", azaldu dute Jaurlaritzako Etxebizitza Sailetik. Tarte horretan, kanon bat ordaindu beharko dute erabiltzaileek, haien errentaren araberakoa izango dena.

Oraindik ere ez dute zabaldu izena emateko epea, baina "ezinbesteko baldintzetako bat" izango da Etxebiden izena emanda egotea. Apartamentuen kudeaketa, halaber, Alokabidek egingo du, behin lanak bukatuta daudenean.

Sindikatuen etxea, Alfontso X. Jakintsua plazatik.

2025erako bukatuta

Eusko Jaurlaritzak Tecsa enpresari esleitu dizkio lanak, 2,4 milioi euroko aurrekontuarekin. Eremua hesitu dute dagoeneko eta behin lanekin hasita, bi urteko epean amaitzea dago aurreikusita, 2025erako, alegia. Esleipenaren baitan dago, halaber, igogailu bat jartzea eta eraikinaren barrualdea berrantolatzea.

Lau urte geldi

Arrasateko Udalak 2015ean Eusko Jaurlaritzari egindako eskariaren harira sortu zen proiektua, izan ere, Jaurlaritzarena da eraikina. Hala, 2019an eman zuten proiektuaren berri baina, baimen kontuak tarteko, geldi egon da azken urteotan. Orain, dagoeneko hesituta dute eremua eta laster hasiko dira eraikina eraisten. 

Mota horretako lehenak Arrasaten

Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoan, 310 zuzkidura-bizitoki ditu Alokabideren bidez alokairuan eta, azaldu dutenez, hamabi horiek Arrasateko lehenengoak izango dira. "Halaber, Etxebiden Arrasaten erroldatuta dauden eta alokairuko etxe bat eskatzen duten pertsonen kopurua 467 pertsonakoa da", gaineratu dute. 

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura Zuzendaritzak, Arrasateko sindikatuen etxeko proiektuaz gain, beste bi ere baditu, hutsik dauden eraikinetan zuzkidura-bizitokiak egiteko. Batetik, Azpeitiko esklaboen komentua eta, bestetik, Eibarko epaitegi zaharra.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak