Gazteentzako etxeak alokairuan, 2021erako

Xabi Gorostidi 2019ko urt. 25a, 12:37

Urte luzez, AEKren, sindikatuen –hauek bueltatu egingo dira– eta Txatxilipurdiren egoitza izan da irudiko eraikina, baina, Udalak 2015ean egindako eskari baten harira, gazteentzako zuzkidura etxebizitzak egingo ditu eraikinaren jabe den Jaurlaritzak.

Gazteek gurasoen etxetik joateko dituzten zailtasunak arintzeko asmoz, goiko argazkiko eraikinean zuzkidurako etxebizitzak egingo ditu bertako jabe den Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak. Honako ezaugarri hauek dituzte zuzkidura etxebizitzek: 35 urtetik beherako gazteei zuzenduta daude, alokairuan har daitezke soilik –2015ean 200 euroren bueltan egoten ziren–, bost urterako alokairuak izaten dira, asko jota, 40 eta 60 metro koadrokoak izaten dira, orokorrean, ekipamendura bideratutako lurzoruetan egin daitezke, eta garbitegi zerbitzu komunitarioa izan dezakete.

EAJren 2015eko hauteskunde programako seigarren puntuan jasotzen zen eraikin hori gazteei etxebizitzak egiteko bideratzea, eta, behin agintean, 2015eko urriaren 25ean egin zion Udalak eskaera Jaurlaritzako Etxebizitza Sailari. Haiek baiezkoa eman zioten, besteak beste, "udalerrian dagoen babes publikoko etxebizitzen eskaria" kontuan izanda, eta eraikina birgaitzeko konpromisoa hartu zuten.

Gaur egungo erabiltzaileak

Azken urteetan erabiltzaile hauek izan ditu eraikinak: beheko solairuan, Txatxilipurdiren biltegia; lehen solairuan, CCOO sindikatua; bigarrenean, LAB sindikatua; hirugarrenean, AEK; eta laugarrenean, ESK sindikatua –2017a ezkero ez daude han–. CCOO eta LAB sindikatuak eraikinera itzuliko dira –beheko solairura eta lehen solairura– behin birgaitze lanak amaituta. Lan horiek 2020ko azken hiruhilekoan amaitzea da Etxebizitza Sailaren aurreikuspena, eta, irauten duten artean, Alfontso X Jakintsua plazako 4. eta 6. atarteetan dauden lokaletara lekualdatuko dira, 2019. urte erdialdetik 2021eko hasierara arte.

AEK eta Txatxilipurdi, aldiz, ez dira eraikinera bueltatuko. Lehenen kasuan, 1986a ezkero darabilten lokala utzi beharko dute. "Udalari laguntza eskaini zioten lokal berri bat erosteko. Txaeta kaleko udal jabetzako lokal bat erosteko aukera aztertu zuten, baina, azkenean, Iturriotz kaleko 21. atartean dagoen lokal baten alde egin zuten. Txatxilipurdik ezin izango du bertako biltegia erabiltzen jarraitu, baina alkateak adierazi du gaur egun Euskararen Plazako egoitzatik gertu konponbidea emateko asmoa dutela.

"Orain arte, lokala erabili izan dute, baina Jaurlaritzak ez zuen horren berririk. Horregatik ezin izango dute gehiago erabili, eta ez dagokio Jaurlaritzari ordezko lokal bat aurkitzea. Baina Udaletik, Ereindajanen lokal ohitik gertu, lokal bat egokituko dugu, ludoteka eta gazte txoko zerbitzua ematen duen enpresak biltegi gisa erabili dezan; kasu honetan, Txatxilipurdi". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak