Autobus elektriko bat probatuko du Arrasateko Udalak, flota berritu baino lehen

Mikel Zumalde Etxabe 2023ko mar. 14a, 12:39

Arrasateko Udalak %100 elektrikoa den autobus bat probatuko du, ibilgailuen flota berritu baino lehen. Herrian ibiliko da hutsik, erabiltzailerik gabe. Avanza enpresari jarritako isunek eraginik izan ez dutelako erabaki dute flota berritzea.

Arrasateko autobus zerbitzua hobetze aldera, Udalak autobus elektriko bat probatuko du datozen asteetan nola funtzionatzen duen ikusteko. Proba pilotuaren ondoren, flota berritu nahi du Udalak, Avanza enpresari jarritako isunek egoera konpondu ez dutela ikusi ondoren.  Honela, Zalduspeko autobus geltokian egin duten prentsaurrekoan izan dira Maria Ubarretxena Arrasateko alkatea, Victoriano Fuentes Obra eta Zerbitzuetako zinegotzia eta Avanza enpresako hainbat ordezkari.

Maria Ubarretxena jakitun da Avanza enpresak eskaintzen duen zerbitzua ez dela ona: "Avanza SAk eskaintzen duen zerbitzua ez da Udalak ezarritakoa eta hobetu egin behar da. Jakinaren gainean gaude, kezkatuta eta lanpetuta gaude gaiarekin, eta konponbideak aktibatzen ari gara". Ildo berean, hurrengo asteetan autobus elektrikoak Arrasateko auzo ezberdinetan nola funtzionatuko duen ikusiko dutela gaineratu du.

Gainera, agerraldian azaldu dute bigarren seihilekoan ibilgailu berrien erosketa lehiaketara aterako dute. Etorkizunean egingo den erosketan, autobus berriak elektrikoak izateko aukera aztertzen ari direla gaineratu dute. Arrasateko alkatearen esanetan, %100 elektrikoa den autobus batek zerbitzu ona emango lukeen egiaztatu nahi da, auzo altu asko dituen herria izanik.

Beste alde batetik, jakinarazi dute guztira bost espediente ireki zaizkiola Avanza enpresari. Guztira 1.700 euroko zazpi isun jarri zaizkio enpresari. Victoriano Fuentes, Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak azaldu ditu enpresarekin izandako tira-birak: "Avanza enpresak ez zituen ordezkatzen matxuratutako autobusak, eta enpresa zigortzen hasi ginen", adierazi du.

Kontuak horrela, datorren astean Arrasateko kaleetan ibiliko da %100 elektrikoa den autobusa, eta Udalak erabakiko du ibilgailu berrien ezaugarririk onenak zeintzuk izan behar duten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak