Zentro berria San Juan de Diosen, babesgabezian eta osasun mentaleko arazoak dituzten adingabeentzat

Jokin Bereziartua Lizarazu 2023ko mar. 9a, 15:55

Arrasateko San Juan de Dios ospitalean egongo da babesgabezian dauden eta osasun mentaleko arazoak dituzten adingabeentzako zentro berria. Hamar plazakoa izango da eta gaixoak apirilean joango dira sartzen pixkanaka; etengabeko arreta espezifikoa jasoko dute. Foru Aldundiak 94.000 euro pasatxoko inbertsioa egin du ospitaleko barruko eraikina egokitzeko. 

Zentro "berritzaile eta aitzindaria" da eta Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatu du, egoera oso konplexuetan dauden eta zainketa espezifikoak behar dituzten haur eta nerabeei arreta pertsonalizatua eta errehabilitaziokoa emateko. "Egoitza berriak baditu bi izaera gure gizarte politiken eredu berriarekin bat egiten dutenak. Lehena, pertsonalizazioa; hau da, pertsona bakoitzaren ongizatea eta osasuna kontuan hartzen da eta hari dedikatutako zerbitzuak dira. Esfortzu bat egin dugu erakunde ezberdinen artean adingabe bakoitzari dagokion tratamendua emateko. Eta, bestetik, elkarlanaren adibide da zentro berri hau; kasu honetan, San Juan de Diosek zerbitzu tekniko eta profesional bat adingabe hauei behar bezalako zerbitzua emateko", adierazi du Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olanok.

Hamar plaza, eta arreta etengabea

Hamar plazakoa izango da zentro berria eta apiriletik aurrera pixkanaka joango dira gaixoak bertaratzen. Zentroak etenik gabeko arreta emango die, urtean 365 egunetan eta egunean 24 orduz, betiere San Juan de Dios ospitalearen balioetan oinarrituta. "Modu abegitsuan, erantzukizunez, kalitatez eta errespetuz artatuak izango dira; horiek dira gure balioak", adierazi du San Juan de Dios komunitateko arduradun gorena den Jose Maria Chavarrik. 

2018an ikastetxeekin egindako lanketa

Arrasateko alkate Maria Ubarretxenak Aldundiaren babespean dauden adingabeendako zentro berri hau Arrasaten, Aretxabaletan eta Eskoriatzan ikastetxeekin batera 2018an egin zen lanketa batekin lotu du. "2018a ezkero badihardugu San Juan de Dios ospitalearekin lanean, ikusten dugulako gaztetxoen artean areagotzen ari direla osasun mentaleko arazoak eta adikzioak. Prebentzioaren arloan izan zen lanketa hura; hau beste urrats bat da, oso gaixorik dauden adingabe horiei arreta integrala emateko zerbitzu berria. Uste dugu dena dela beharrezkoa".

Arazoak gora azken urteetan

Hain zuzen ere, Donostiako eta Arrasateko San Juan de Dios ospitaleetako zuzendari Elena Urdanetan azpimarratu du pandemiaren ostean asko areagotu direla adikzioak eta osasun mentaleko arazoak adingabeengan: "Badakizue azken urteetan asko areagotu direla adikzioak umeetan edo gero eta gazteagoak diren nerabeetan. Haiekin lanean ari gara prebentzio programa batekin, sozio-emozionalak izango diren abileziak eman eta horrela haien autoestimua hobetzeko".

"Konplexutasun handiko" gaixoak

Zentro berriko erabiltzaile izango diren gaixoen konplexutasuna dela-eta ezin dira intentsitate txikiagoko beste baliabide batzuetan artatu, eta helburua izango da nerabea bere ohiko eta komunitateko bizitzara ahalik eta azkarren itzultzea eta gaixotasunak ez diezaiela bizitza hankaz gora jarri. Eraikina egokitzeko 94.000 euro pasatxo inbertsioa egin du Gipuzkoako Foru Aldundiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak