Emakumeak gora! da Emakundek 2023ko Emakumeen Nazioarteko Egunaren baitan antolatu duen kanpainaren leloa. Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailarekin, hiru Foru Aldundiekin, EUDELekin eta Gasteizko, Donostiako eta Bilboko Udalekin batera egin du lanketa, eta Arrasateko Udalak bat egin du kanpainarekin.
Johanna Sanchez Arrasateko Udaleko Berdintasun zinegotziak nabarmendu duenez, "gizarte honek emakume gehiago behar ditu erabaki eta eragin postuetan. Hortaz, kanpaina honetan erakusten dugu zein diren emakumeei lidergo-postu horietara berdintasunez iristea eragozten dieten oztopo nagusiak; hau da, boterea gizonen kontu gisa ikusten jarraitzen dugula, emakumeei perfekzioa eskatzen zaiela erantzukizun-postuetara iristeko, haurrek oraindik ere jasotzen dituzten mezuetan mutilen lidergoa indartzen dela edo anbizioa sozialki zigortuagoa dagoela emakumeen artean".
Ideia horiei aurre egin nahi die ekimenak, "mito faltsuak eraitsita, hala-nola emakumeek prestakuntza gutxiago dutela postu horiek betetzeko, datuek erakusten dutenenean Euskadin goi-mailako ikasketak dituzten pertsona guztietatik ia % 60 emakumeak direla".
Beste hainbat errealitate ere ikusaraziko dituzte, esaterako, emakumeek gerentzia-postuen % 6 bakarrik betetzen dutela, "erakundeetan pribilegio eta rol maskulinoak betikotzen direlako"; emakumeek titulazio teknikoetako matrikulen % 23 bakarrik ordezkatzen dutela," eta ez bokazio faltagatik, mugatzen gaituzten estereotipoetan oinarritutako hezkuntzagatik baizik"; eta zaintzeko eszedentzien % 73 emakumeek hartzen dituztela, "gizarteak rol hori ezartzen digulako eta horrek zaildu egiten duelako gure garapen profesionala".
Askotariko ekintzak M8aren bueltan
Martxoaren 10ean, bestalde, umore feministak izango du tartea, Kulturaten eskainiko den Bertso-klown saioarekin.
Martxoaren 11n, zapatua, emakume artisau eta nekazariek uzta propioa eramango dute Seber Altube plazako goizeko azokara.
Arrasateko Bibliotekak ere egingo dio ekarpena egitarauari, Raquel Manchado gonbidatu baitu martxoaren 16an Kulturateko areto nagusian misoginiari eta indarkeria sinbolikoari buruz berba egiteko, 19:00etan. Zehazki, iraganeko emakumeen irudien trataerak gaur egun dituen eraginak azalduko ditu.
Ekitaldi-sortak martxoaren 23ra arte iraungo du, abortuaren gaia lantzeko Nuestra libertad dokumentala emango baitute egun horretan Kulturaten, 19:00etan hasita. Teodora Vasquez da filmeko protagonista, eta lehen eskutik azalduko du El Salvadorren berak eta beste hainbat emakumek bizitako espetxeratze eta errepresioa, fokua ahizpatasunean, erresilientzian eta elkartasunean jartzeko helburuarekin.
"Beraz, aukera zabala dugu, martxo osoan elkartu eta saretzen, antolatzen eta eraldatzen jarraitu dezagun! Jendarte parekide bat lortzeko bide horretan ikusiko dugu elkar!", adierazi dute Emakume Txokotik, arrasatearrak ekimen guztietan parte-hartzera gonbidatuz.