Bertso-klown saio moduan definitu du Emakume Txokoak datorren ostiralerako, hilak 10, Kulturaten antolatu duen ekitaldia, 19:00etan hasita. Berezitasun hori Beatriz Egizabalek emango dio. "Ez espero gai jartzaile serio batekin topo egitea; sudur gorria janzten dudanean, ingurukoak barrez leherrarazi eta zur eta lur uzten ditut eta", azaldu du Lasarteko clown-ak.
Haren ateraldiak inspirazio-iturri izango dira Ane Labaka, Oihana Bartra eta Miren Artetxe bertsolarientzat. Elkar ezagutzen dute laurek; bereziki, Labakak eta Egizabalek, bost urtez aritu baitira Erradikalak gara bertso-bakarrizketa aurkezten. Ostiralekoa "umoreari buruz hausnartzeko" saioa izango da, publiko guztiarentzako irekia, eta erakutsiko du "bertsolaritza formatu apurtzaileekin" uztartu daitekeela.
Donostiako Guardetxean egin zuten saio esperimentala, baina ez zen antzerkiaren eta bertsoaren arteko lehen fusioa izan, "lehendik ere Egañak eta Lipusek nahasten baitzituzten bi arloak".