Horrek segurtasun eta trafikoaren ikuspuntutik egokitzapen ugari egitea ekarriko du. Uribarri auzotik Maalako biribilgunera arteko errepide bazterreko aparkalekuak ezingo dira erabili, eta Arrasateko Udala dagoeneko hasia da protokoloa prestatzen.
Uztailaren 2an, domeka, izango da lasterketa eguna. Eguerdiko ordu biak laurden gutxi aldera iritsiko da pelotoia Arrasatera, baina 170 ibilgailu komertzialez osatutako Tourraren karabana tropela baino bi ordu lehenago igaroko da. Ondoriz, errepidea ibilgailuen zirkulaziorako erabat itxita egongo da goizeko 09:55etik aurrera, 5 orduz. Tarte horretan, aparkatutako ibilgailu guztiak kentzeaz gain, edukiontziak baztertu, garbiketarako operatibo berezi bat ezarri eta ibilbidea txirrindularien beharretara egokituko dute.
Udaletik adierazi dute harro daudela tourra moduko ekitaldi bat Arrasaten jasotzeaz. Txirrindularitza probarik ezagunena munduko hirugarren kirol-ekitaldirik mediatikoena da, 840 milioi ikuslerengana iristeko gaitasunarekin. Domeka izanik, herrira jende asko etorriko dela aurreikusi dute, komertzioen eta ostalaritzaren mesederako. Bilbo Ekintza erakundearen bitartez egitarau berezia programatzeko asmoa erakutsi du alkateak.
Datorren astean Arrasaten izango da Frantziako Tourreko teknikaria, ibilbidea ikuskatzeko.