Martxan dago dagoeneko Arrasateko Tailaginen Elkarteak berrogei urteak ospatzeko antolatu duen 'Berrogei urte egurra lantzen' erakusketa. Urteetan San Andresen duten egoitzan egin dituzten egurrezko lanak jendeari erakustea erabaki dute, eta Kulturateko Klaustroan ikusi daitezke Arrasateko tailagileen lanak. Aurreko egubakoitzean izan zen inaugurazio-ekitaldia eta jende andana batu zen Kulturaten lanak ikusteko asmoz.
Joaquin Etxeberria arrasatearra izan da erakusketaren komisarioa. Guztira 208 artelan daude Kulturateko klaustroan eta Etxeberriaren ardura izan da erakusketari forma ematea. Bataz-beste tailagile bakoitzak hiru lan jarri ditu, baina badira bost lanetik gora jarri dituztenak ere. Guztira hogeita hamar tailagilek parte hartu dute erakusketan.
Hainbat motatako lanak ikusi daitezke; Euskal Herriko ohiko tailak, erreliebeak, edo paisaiak prespektiban. Gehien bat, Pablo Picassoren Gernika egurrez eginda izan da publikoaren artean gehien komentatu den lanetako bat.
Urteurreneko ekintzak
Urteurrena ospatzen murgilduta dago Arrasateko Tailaginen Elkartea. Ekintza nagusia erakusketa bera da, baina beste ekitaldi batzuk ere egin dituzte azken urte honetan. Otsailaren 9 arte, Arrasateko dendetako erakusleihoetan jarri zituzten beraien lanak. Inaugurazio-ekitaldian promoziorako bideo bat ere kaleratu zuten. Horrez gain, hastapen ikastaroak ematen dituzte; horien artean daude bi emakume, Arizmendi Ikastolako hiru mutil, eta Lanbide Eskolako hamalau urteko bost mutil.