Zigarrolako balkoia aisialdirako eremu bihurtzeko lanak abian dira

Hasier Larrea 2023ko ots. 6a, 17:10

Arrasatearrek 2021/22ko aurrekontu partehartzaileetan egindako eskaririk bozkatuena izan zen Zigarrolako begiratokia irisgarri eta atsegin egiteko proiektua. Udalak 11.500 euro (BEZ gabe) jarri ditu egokitzapenetarako; lurrak berdinduta, mahai, banku eta panel informatiboak jarrita eta mastila eta ikurrina berriztuta egongo dira astebeteko epean.

Arrasateko Udalak Zigarrolako balkoia herritarrentzako aisia-gune bilakatzeko lanak K1 Ekopaisaia S.L.L. enpresari esleitu dizkio. Enpresa horrek lurrak berdinduko ditu behatokiaren inguruan, beheko zelaian; mahai eta bankuz osatutako bi eremu jarri; motordun ibilgailurik ez igotzeko itxitura bat egin bidearen hasieran; Udal naturabide-sarearekin lotzeko bost seinale kokatu; baranadaila eta panel informatiboa jarri; eta jada egokituta dauden bankua, mastila eta ikurrina berriztu. Aurreratu dutenez, lanak gaur, astelehena, hasi dituzte, eta datorren asterako bukatzea espero dute.

Proiektu beraren baitan, azken asteotan 2.000 metro karratutan pilatutako sasitza kentzen aritu dira Basolan basolangileen formazio taldeko kideak. Talde hori Lanbide eta Udalaren arteko enplegu formakuntza programaren bitartez sortutakoa da.

Zigarrolako balkoia Kurtzetxikiko magalean dago kokatuta; zehazki, Musakola/Zigarrola auzoan dagoen autobideko obrei lotutako betetze batean, autobidearen goialdean. Duela urte batzuk Musakolako lagun talde batek tontortxo horren inguruak egokitu zituen begiratoki izaera emateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak