Tokiko elkarteen arteko lankidetza, ezinbestekoa

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko ots. 2a, 18:20

Urtarril erdia ezkero, Arrasateko Tailaginen Elkarteko hainbat kideren piezak ikusgai dituzte Ibai-arteko 28 merkatarik euren erakusleihoetan. Bi aldeek nabarmendu dute elkarren beharra dutela aurrera egiteko, eta hori hala denean politak dira emaitzak.

Arrasateko Tailaginen Elkarteak 40 urte bete zituen iaz eta urteurrena ospatzen dihardute. Horren baitan, esaterako, Ibai-arte merkatarien elkartearekin lankidetza abiatu dute eta, hala, hogei bat taillaginek egindako 70 bat pieza ikusgai jarri dituzte 28 komertziotako erakusleihoetan. "Gure elkartea eta bertan egiten dugun lana herrira zabaltzea da asmoa eta ikusi genuen erakusleihoak aproposak izan zitezkeela horretarako. Hori dela eta, Ibai-arterekin harremanetan jarri ginen, herriko merkataritza ere sustatzeko, nolabait".

Iñaki Kortabarriak egindako pieza bat, Markiegi dendako erakusleihoan.

Haien jardueraren berri emateaz gain, Ibai-arterekin harremana sendotzea inportantea dela nabarmendu du Kortabarriak, baita herriko gainontzeko elkarteekin ere. "Herriko elkarte guztiondako da aberasgarria elkarlanean aritzea".

Ze garrantzi ematen diozu elkarlanari?

Iker Buruaga (Buart loradenda): "Inportantea da herriko elkarteekin kolaboratzea, herritarrek ikusi dezaten elkarteetan egiten lana, kasu honetan, taillaginena. Gauza oso politak eta originalak egiten dituzte. Elkarlan hau haiendako mesedegarri da, eta guretzako ere bai, askotariko piezak baitaude, eta oso politak, gainera".

Leire Elkoro (Milar Elkoro): "Ez da lehen aldia herriko elkarteekin lan egiten duguna. Arrasaten elkarte asko daude eta, kasu honetan, taillaginekin ari gara. Ideia ona da, elkarte horiei indarra emateko balio duelako eta haiek egiten duten lana ikusgarriago egiten dugulako horrela. Gainera, asko janzten dituzte gure erakusleihoak".

Beatriz Etxabe (Bea lentzeria): "Guretzako garrantzitsua da elkarte txikiok elkarrekin aritzea lankidetzan eta esango nuke taillaginak ere pozik egongo direla ekimen honekin. Bezeroei esaten diegu 28 komertziotan ditugula haien piezak ikusgai eta horrek zirkulazioa sortzen du, herritarrek interesa izaten baitute pieza horiek ikusteko".

Iñaki Kortabarria (Arrasateko Tailaginen Elkarteko presidentea): "Ibai-arterekin harremana sendotzea inportantea da guretzat eta lortzen ari gara, baita herriko gainontzeko elkarteekin ere. Guztiondako da aberasgarria elkarlanean aritzea eta erakusleihoen egitasmo hau ere horregatik egin dugu tokiko merkatariekin, herri mailan funtsezkotzat dugu hori".

Tailla herritarrei hurbildu

Arrasateko Tailaginen Elkarteari ikusgarritasuna emateaz gain, herritarrei erakutsi gura diete tailla oso polita dela. "Zabala da eta edonork praktikatu dezake, gazte zein heldu, emakumezko zein gizonezko", azaldu du Kortabarriak.

Horrez gain, belaunaldi berriei lekukoa pasa gura diete eta, momentuz, behintzat, lortzen ari dira, besteak beste, hainbat gaztek izena eman baitute elkarteak antolatutako hastapen ikastaroetan. "14 urteko hamalau mutiko ditugu ikastaroetan eta beste bederatzi ere etorri zaizkigu, duela astebete ikastaro berri batekin hasi direnak. Guk gura duguna hori da, jende gaztea ere izatea taldean, eta ez bakarrik erretiratuak. Ateak zabalik ditugu taillan murgildu gura duen edonorendako".

Datorren astera arte ikusgai

Otsailaren 9ra arte edukiko dituzte ikusgai piezak erakusleihoetan. Izan ere, otsailaren 24an erakusketa zabalduko dute Kulturaten, eta tarte horretan etena egin gura dute, "herritarrak ez aspertzeko".

Urteurrenari dagokionez, "oso ondo" doala azpimarratu du Kortabarriak. "Ikusgarritasuna irabazi dugu eta herritarrak gerturatzen zaizkigu gure lanarekin jarraitzeko esaten". Gainera, ikus-entzunezko bat prestatzen ari dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak