Erretiroa hartzen duten langileen ezagutza nola transferitu daitekeen izan dute hizpide, eta enpresa zein administrazio publikoetako erabaki hartze prozesuetan parte hartzen duten kide ugari bertaratu dira hitzordura, giza baliabide, berrikuntza eta zuzendaritza arlokoak. Arduraz bizi baitute lanpostu garrantzitsuak betetzen duten pertsonak erretiratzean uzten duten hutsunea nola bete.
Prozesu hori behar bezala egin ezean, "enpresek zailtasunak izaten dituzte talentua erakarri eta finkatzeko, epe luzera begira eraginkortasuna galduz. Hori saihesteko tresnak eskaini nahi dizkiegu enpresa eta entitateei", azaldu du ISEAko ikerketa eta garapen koordinatzaile den Maria Ruizek.
Kalitatezko belaunaldi aldaketak gauzatzea baldintzatzen duen nahitaezko faktorea da jaiotze tasen beherakada. Azaldu dutenez, datozen urte eta hamarkadetan mundu osoko biztanle kopuruak behera egingo du sistematikoki. Ondorioz, abiatu duten proiektuari ibilbide luzea ikusten diote.
Mintegiko partaideek euren iritzi eta esperientziak partekatu dituzte, ikerketari jarraipena emateko baliagarriak.