Patxi Goikolea: "Guk ereindakotik sortu ziren bertso eskolak"

Hasier Larrea 2023ko urt. 24a, 16:16

Bere burua bertsolari bezala definitzen ez duen arren, sekulako etorria dauka arrasatearrak. Oroitzapenak fresko dauzka, eta mingaina dantzari; gaztetako garaiak eta bertso eskolak sortu zituztenekoak kontatzerakoan, batez ere. Bertsoak idatzi eta kantatzeko ohitura bizi-bizirik dauka.

Puntua aldizkariaren 352. alean argitaratutako elkarrizketa da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.

Euskalgintzako saltsa askotan aritutakoa da Patxi Goikolea (Arrasate, 1933), baina bertsolaritzan nabarmendu da gehien. Arlo horretan "zaletasun gutxiko bailara" zen Debagoiena 70eko hamarkadan, Santi Iparragirrerekin eta Joanito Akixurekin batera Eskoriatzako Almen ikastolan bertso eskola sortzea bultzatu zuen arte.

Lehenik eta behin, nola hasi dugu urtea?

Urteen karga eramateko indar pixka bat geratzen zaigu, eta horrekin konforme gaude! 90 urte beteko ditudala kontuan hartuta, ederto nago, egia esan.

Arrasaten jaioa, baina haurtzaroan alde batetik bestera ibilitakoa zara.

Erdiko kalean jaio nintzen, eta 3 urterekin ihes egin behar izan genuen, gerragatik. Lehenengo, Aramaiora, nire amaren gurasoen Cuatrovientos baserrira, eta handik Bilbora, aitaren izebaren etxera. Urtebete geroago Arrasatera itzultzean, gure etxeko atea apurtuta eta barrukoa hutsik aurkitu genuen. Eskerrak aitaren ama Aretxabaletako Goroeta auzoan genuela! Bertan koskortu nintzenez, garai haiek barruan geratu zaizkit betiko. Goroetako eskolan ikasi nuen, 12 urtera arte, eta gero, Arrasateko San Viator eskolara bizikletan joaten nintzen egunero. Oporrak, ostera, Cuatrovientosen pasatzen genituen.

Han bizi zen amonari entzun zenizkion lehenengo bertsoak, ezta?

Gure amandreak bertso asko zekizkien eta abestu egiten zituen. Ni inguruan egoten nintzen entzuten: Pello Errotarenak, Xenpelarrenak, Txirritarenak...

Gogoan duzu bertsolaritzara kateatu zineneko une bereziren bat?

16 urterekin, domeketan Goroetatik Aretxabaletara jaisten ginen lagunak, jai girora. Ugaztegiko Bekoetxe baserriko kinto lagun batekin egiten nuen itzulera, oinez eta bertsotan. Halako batean esan zidan: "Hik kantate ittuan bertso zaharrok uste juat neure ganbaran dauzela". Txirritak egindako bertso-liburu ederragatik ari zen. A ze poza hartu nuen hura ekarri zidanean! Bertso horiek koadernoan eskuz kopiatzen ibiltzen nintzen gauetan. Orduan indartu zen nire afizioa erabat.

"Almeneko bertso eskolaren bitartez ikasleen gurasoei ere piztu zitzaien zaletasuna"

Eta handik aurrera, etenik gabe egin duzu aurrera.

Ezkondutakoan ere, bertso jaialdia non, ni hara joaten nintzen. Semeak Almenen ikasten zuen eta irakasleak esaten zigun neska-mutilak biltzeko aktibitate batzuk asmatu beharrean zeudela, gazteen artean drogen kontsumoak gora egin zuelako kezkatuta. Batzuk mendi- irteerak antolatzen hasi ziren, beste batzuk buztina lantzen...

Testuinguru horretan sortu zenuten bertso eskola.

1974a zen eta Arrasaten ez zegoen bertsotarako joerarik. Bazegoen salbuespenen bat; Osiñako errotari oñatiarra, esaterako, ahots eder eta jantziko gizona. Nire lagun Joanito Akixu aretxabaletarra ere zalea zen eta Xanti Iparragirre etorri berria zen Iparraldetik. Hura bai zela bertsolaria! Apotzagako gazteengana jo genuen, Almeneko egitasmoa azaltzeko; taldea osatu gura genuela bertso zaharrak ikasteko eta abar. Dozena erdi bilera egin genituen, baina apotzagarrak baserritarrak zirenez nahiko lan zeukaten berez, eta, ondorioz, Joanito, Xanti eta neu geratu ginen.

Nolako harrera izan zuen?

Propaganda egiten aritu ginen eta 120 bat gazte elkartu ziren lehen saioan. Hiru gelatan banatu genituen, sortzaileetako bakoitzak gela bat gidatzeko. Doinu eta bertso zaharrak lantzen hasi ginen, baina baita orduko bertsoak ere. Konturatu ginen gazte batzuek erraz ikasten zutela. Horietako askok gurasoei, aitajaunei... erakusten zizkieten etxean. Beraz, bertso eskola etxeetan bertsoak entzuteko tresna ere izan zen, heldu askok euren seme-alaben ahotik entzun baitzituzten bertso zaharrak lehenengoz. Gurasoak desiratzen egoten ziren guk egiten genituen saioei jarraipena emateko etxean. Horrela ibili ginen, lau urtez, bertso zaharrak erakusten.

Zein izan zen hurrengo pausoa?

Bertsolariak ateratzea. Ondoen aritzen ziren zortzi mutil eta bi neska aukeratu genituen. Abel Muniategiri eskatu nion bertsoak sortzen ikasteko materiala. Zortziko handia, zortziko txikia, hamarreko handia, hamarreko txikia, etena... zer ziren labur azaltzeko lauzpabost orriko apunteak ziren. Handik urte batzuetara, Xabier Amurizak errima-hiztegia atera zuen. Muniategik ekarri zidan, eta harekin hasi ginen. Bi hilabetera, bertsotan ari ziren euren kasa ikasleak. Guk bertsoaren bukaera ematen genien, haiek osa zezaten; beti gorde behar baita bukaera.

"AED sortzean, taberna bat ireki genuen, etaaraua zen bertan euskaraz soilik egitea"

Jarraian etorri al ziren eskolarteko txapelketak?

Lehenengo, ikastetxeetan bertsoa lantzea sustatu beharra zegoen, eta horri heldu genion. Gipuzkoako Ikastolen Federaziora joan nintzen, eta Imanol Murua Gipuzkoako diputatu nagusiaren laguntzarekin lortu genuen astean ordubeteko ikastaroak ematea ikastetxeetan, Mikel Mendizabal bertsolariak gidatuta. Eskolarteko lehen txapelketa sortu zen eskutik, 1981ean, 12 urtez azpikoei eta 18 urtez azpikoei bideratuta. Lehenengo urtean sari guztiak irabazi genituen, bageneramatzalako urte batzuk bertsogintzan, eta besteak hasiberrik ziren artean.

Inguruko lurraldeetara ere hedatu zen eskolartekoa.

Jon Lopategi arduratu zen Bizkaiko egituraz eta Abel Enbeita Arabakoaz. Iparraldean eta Nafarroan ere hasi ziren sustatzen. Euren ekimenagatik ematen da bertsolaritza ikastetxe guztietan, edo ia guztietan, gaur egun. Arrasaten Nerea Urra aritzen da koordinatzen. Herrian, gainera, badugu bertsolari onenen artean aritzen den bat: Ane Zuazubiskar. Joaten den toki guztietan ematen du maila. Neskatila zenetik ezagutzen dut.

Asko aldatu al da bertsolaritza?

Gazteak ginenean, bertsolari onak beti berdinak ziren: Baxerri, Uztapide, Lasarte, Lizaso zaharra eta haiek. Gero etorri ziren Lazkano, Azpillaga, Lopategi... Haiek politika gaiak sartzen hasi ziren, eta inon direnak erasotzen zituzten. Kartzelan ere egon behar izan zuten, pentsa! Gaur egun, hizkera aldatu da asko, gauzak esateko modua. Adibidez, bertsolari zaharrek esaten zuten: Arratsalde on, Jainkoak eman daigula danori... Orain, Jainkoa ez dute aipatu ere egiten! Gazteek berba berriak sartzen dituzte, eta, polita den arren, batzuetan kosta egiten zait ulertzea. Bertsolariek lehen errima jo orduko joaten naiz azkena zein izango den asmatzera, baina gazteekin ezinezkoa da! Bertsolari Txapelketa Nagusian gehien gustatu zaizkidan bertsoak eskuz kopiatu ditut, gordeta edukitzeko.

Bertsoak idatzi bakarrik ez, jendaurrean abestu ere egiten dituzu oraindik, Porrotxinen urtebetetzean hari eskaini baitzenion bertsoa duela pare bat aste.

Porrotxin gorpuzten duen Beñat Barrutia saltsero hutsa da eta! Aspaldiko ezagunak gara, kalean ikusi eta arineketan etorri zen nigana. Besarkatu eta bertso bat botatzeko esan zidan bat-batean. Nik erantzun: "Orain baraurik nago, barruko laguntasuna behar dut abesteko". Eta deabruak erantzun: "Niri ere horixe bera gertatzen zait!". Gabon zaharretarako bertso batzuk egin nizkion, beraz. Esan zidanez Porrotxinen urtebetetzea ospatuko zutela Amaia antzokian, bertan abestu nion sorta horren laburpena. Egun ederra izan zen. Familiako guztiak, errugbikoak, haren adinekoak... egon ziren, Porrotxek lagunduta, eta sekulako ekinaldia egin zuten.

"Bertsolari gazteen asko aldatu dute hizkera; zaila da gero esango dutena asmatzea!"

Bertsolaritzaz gain, izan dituzu bestelako interesak bizitzan zehar.

Arrasate Euskaldun Dezagun taldearen sortzaileetako bat izan nintzen, 1983an. Talde itzela egon zen orduan, kanpotik etorritako euskaldunen eta hemengoen arteko nahasketa. Pentsa noraino egin genuen ahalegina! Orain AED dagoen tokian, Pablo Uranga kalean, taberna txiki bat jarri genuen, eta obligazioa zen bertara sartu orduko erdaraz ezin zitekeela berba egin. Gogorrak ginen gero! Hara joanez gero, dena euskaraz egin behar zen. Hanka-sartze batzuk egongo ziren, baina, azkenean, jarraituaz eta jarraituaz, jendeak ohitura hartzen zuen. Afariak egiten genituen, kantuak abestu...

Txoriekin ere bazenuen halako zaletasun bat...

Gaztetan tranpak jartzen genizkien sareekin, gero etxera ekartzeko. 80 txori izan ditut etxean, behin andreak esan zidan arte: "Edo txoriak edo ni!".

Eta ogibidez kooperatibista.

Eskola Profesionalean ikasi nuen Ofizialtza, eta gero, Maisutza. On Jose Mari Arizmendiarrietak dezente jarraitzen gintuen Eskola Profesionalean genbiltzanok. Haren bulegora deitzen gintuen banan-banan, norberaren planak entzuteko eta abar. Niri esan zidan enpresa inportanteetara joatea komeni zela, makineria ona dagoen tokira. Ohartu nintzen Elgoibarren bazegoela Sigma enpresa; josteko makinak, artezteko makinak eta prentsak egiten zituzten. Han apuntatu nintzen, proba egin eta urtebetez aritu nintzen lanean. Gero, Eskoriatzako Tesa tailerrera joan nintzen, giltzak egiteko prentsen arduradun. Eskola Profesionaleko irakasle batek, Leandro Uribarrenek, deitu zidan esanaz kooperatiba bat sortu gura zutela, eta proiektuan nirekin ikasitakoak zeudela. Ez nuen zalantzarik izan. Tesatik irten eta Legarran zegoen Aranzabal y CIA enpresa hartu genuen. Horrela sortu zen Arrasate Kooperatiba. Prentsak, profilatzeko makinak eta makineria astuna egiten genituen bertan. 1958tik 1985era izan nintzen kontroleko zuzendari. 1985etik 1992ra, berriz, Ederlanen aritu nintzen, kalitaterako diseinuak egiten, gustura eta gogotsu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak