Hamar urte zuhaitz azoka eta landaketa sustatzen

Hasier Larrea 2023ko urt. 12a, 12:39

Urtarrilaren 21ean egingo dute aurtengo Zuhaitz Eguna; orain arteko hamargarrena. Seber Altube plazan, besteak beste, Ekoudalatx mintegikoek jarriko dute haztegien postua. Ohiturari eutsiz, landaketa herrikoia egingo dute, Etxezarretan oraingoan ere, baina hori urtarrilaren 28an izango da.

Zuhaitz Egunaren bueltakoek harrera ona izan dute hamar urteotan, mantendu egiten baitira bai azoka eta baita landaketa ere. Arrasateko Udalarentzat izaera sinbolikoa baino gehiago dauka egitasmo horrek. "Halako egunak antolatuta, ingurumenaren alde egin eta etorkizuna erabaki dezakeen kontzientziazioa sustatzen da. Familia-jarduera ezin hobea baita txikienei gure ingurune naturalaren eta tokiko espezieen garrantzia irakasteko. Zuhaitz azalerak handitzea eta natura babestea eta kontserbatzea da orain gure eginbeharra, baina etorkizunean haien esku egongo da", azpimarratu du Pello Garai Udaleko ingurumen-teknikariak.

Bertako produktuen azokarekin batera

Ohi bezala, mintegiek Seber Altube plazan jarriko dituzte postuak, 08:00etatik 14:00etara. Aurten, bost haztegik parte hartuko dute: Zaldibarko Areitio eta Belarrek, Gatikako Etxeberriak, Zarauzko Lurberryk eta Arrasateko Ekoudalatxek. Bertaratzen direnek fruta-arbolak, koniferoak, basoko landare autoktonoak eta lorategikoak, basoko fruitu txikiak eta fruitu ekologikoak erosi ahal izango dituzte; gainera, bi zuhaitz-sorta zozketatuko dituzte erosleen artean. Bestalde, hileko hirugarren zapatua denez gero, baserriko produktuen azoka ere egongo da Seber Altuben.

Landaketa, klasiko bihurtuta

Zuhaitz landaketa izan ohi da Zuhaitz Eguneko ekitaldi nagusia. Urtarrilaren 21erako iragarrita egon arren eguraldiaren aurreikuspenagatik atzeratu egin dute hilaren 28ra.

Hirugarren aldiz jarraian, Etxezarreta parkera joango dira 400 haritz inguru landatzera, harizti kantauriarrak hartzen duen azalera handitzeko. Partaideak Musakolako San Isidro elizatik abiatuko dira, 10:00etan. Aurrez 943 25 20 05 telefono zenbakira deitzea komeni da izena emateko.

Lehenengo zazpi aldietan ehunka lizar, gaztainondo, haritz eta intxaurrondo landatu zituzten Garagartza, Kurtzetxiki, San Balerio, Hidalgobaso eta Antoniñako udal lurretan. Etxezarretako 83 hektareako lursaila 2019an erosi zuen Udalak; horietatik 63 hektareatan pinudiak zeuden, eta gainerakoetan zuhaitz eta zuhaixka autoktonoak. Parkea Izarraitz, Aizkorri-Aratz eta Urkiolako korridore ekologikoan dago, eta garrantzi handikoa da biodibertsitatearen ikuspegitik. Horren jakitun, Udalak parkeko ingurune naturala eta biodibertsitatea berreskuratzeko azterlan bat enkargatu du.

Lorezainek, beste 707 zuhaitz

Herrigunea berdetzeko asmoa ere badu Udalak, urtarril bukaera eta otsail hasiera artean ehunka zuhaitz landatuko baitituzte udal lorezainek. Haltzak, lizarrak, sahatsak, haritzak, arteak eta astigarrak jarriko dituzte; gehienak Markulete ibai-eremuan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak