Udan eta Aste Santuan ere egiten dute campusa eta helburua da eskubaloia ezagutaraztea eta gaztetxoenei erakustea aukeren artean, futbolaz edota saskibaloiaz harago, kirol hori ere badutela. "Campusekin, gura duguna da ikasleek ondo pasatzea eta eskubaloiaren inguruan ikastea. Badakigu Arrasaten futbolak eta saskibaloiak indar handia dutela, baina kirol gehiago ere badaude eta eskubaloira gerturatu daitezen ere gura dugu", azaldu du Oihan Peñasek, Arrasate Eskubaloiko kideak.
Egiten dituzten ariketen bitartez, gainera, eskubaloiaren balioak lantzen saiatzen dira ikasleekin. "Taldeko kirola da gurea eta horri garrantzi handia ematen diogu. Beraz, ariketa eta jolasen bitartez, eskubaloiaren arauak irakasteaz gain, hori nabarmentzen ere saiatzen gara".
Arrasate Eskubaloik antolatzen duen arren, Aretxabaletako, Eskoriatzako eta Aramaioko haurrei ere dei egiten diete campusean parte hartzeko.
Izen-ematea zabalik
Gabonak izanik, ez dira asko izan parte hartzera animatu direnak, eta antolatzaileek onartu dute arrakasta gehiago izaten dituztela udako eta Aste Santuko campusek. Edozelan ere, egubakoitzera arte elkartuko dira Iturripen, 10:00etatik 13:00era, eta ateak zabalik dituzte azken orduan animatzen den edozeinendako. "Gura badute, etor daitezela. Disfrutatzen hasteko, inoiz ez da berandu", adierazi du Peñasek.
Izen-ematea 30 euro da eta bi bide daude horretarako: aeb@arrasateeskubaloi.eus helbide elektronikora idatzi edo 619 67 26 96 zenbakira deitu.