Atarte izeneko Eguneko Arreta Zerbitzua, otsailerako martxan

Hasier Larrea 2022ko abe. 21a, 12:13

Mendekotasun arina duten 65 urtetiko gorako pertsonak artatuko ditu Atarte udal zerbitzuak. Garibai kaleko 1. zenbakian egokitu dute lokal berria, eta goizero egongo da irekita, astelehenetik ostiralera.

Arrasateko Udalak mendekotasun arriskua edo mendekotasun arina duten 65 urtetik gorako pertsonei zuzendutako eguneko arreta zerbitzu berri bat jarri du martxan: Atarte. "Izen hori jarri diogu, Eguneko Zentroarekin ez nahasteko, kontzeptua desberdina baita. Prebentzio jarduerak, jolas ekintzak, memoria ariketak edota digitalizazio tailerrak egingo dira bertan, erabiltzaileei arreta pertsonalizatua emanez", azaldu du Maitane Muñoz Goikoetxeak, Garapen Komunitarioko zinegotziak.

200 metro karratu inguruko espazioa gaitzeko inbertsioa 475.000 eurokoa izan da –BEZa kontuan hartu gabe–, eta datozen asteotan materialez ekipatuko dute. Urtarrilaren bukaeran edo otsailaren hasieran hasiko lirateke zerbitzu ematen. Udalaren helburuak, zinegotziaren hitzetan, erabiltzaileen autonomiari eusten laguntzea da, beren ohiko ingurunean egoten eta gizarteratzen lagunduz, eta, hala badagokio, isolamendu-egoerak konpentsatuz. Baita beste pertsona batzuekin harremanak izaten laguntzea ere, bereziki bakarrik bizi direnekin edo lan egiten duten senideekin. Hala, dinamizatzaileak arituko dira hamabi lagun inguruz osatutako taldeei jarraipena egiten.

"Ekarpen ekonomiko xumea"

Erabiltzaileekin estimulazio eta errehabilitazio esku-hartzeak egingo dituzte, eguneroko oinarrizko jarduerak egiteko gaitasunak estimulatzeko jarduera eta ariketa errazekin, aisiaren bidezko hezkuntza esku-hartzearekin, kultura jarduerekin eta laguntza emozionalarekin.

Zerbitzua jasotzeko baldintzak honako hauek dira: Arrasaten erroldatuta egotea, 65 urtetik gorakoa izatea eta mendetasun-arriskuan edo -egoeran egotea –1. gradua, mendetasunaren balorazioan 25 eta 39 puntu artean lortu dituztenak–.

Erabiltzaileak ekarpen ekonomiko bat ordaindu beharko du zerbitzuagatik, bakoitzaren egoera ekonomikoaren araberakoa.  Hartara, hilean gutxienez 5 euro eta gehienez 60 euro ordainduko dute: "15-20 euro ordainduko dute erabiltzaile gehienek".

Informazio gehiago jaso nahi izanez gero, jo Arrasateko Gizarte Zerbitzuen bulegora, deitu 943 25 20 07 telefonora edo bidali mezu bat helbide elektroniko honetara: ongizate@arrasate.eus.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak