Jokin Zaitegira normal itzultzea da nobedadea

Xabier Urtzelai 2022ko abe. 20a, 14:23

Artisau bat eta erosle bat, 2019ko azokan.

Iaz Santamas Komisiñuak azoka antolatzeko ahalegina egin ondoren, azken orduko COVID-neurriengatik bertan behera utzi behar izan zuten hitzordua. Hilaren 22an, 48 artisau inguru normaltasunez bueltatuko dira dagokien tokira.

Bi urteren ondoren, santamas egunean artisauak Jokin Zaitegiko –eta Biteri etorbideko– arkupeetara bueltatuko dira euren postuekin. Eta hori da aurtengo nobedade nagusia; izan ere, iaz, Santamas Komisiñuak bertan behera utzi behar izan zuen azoka bera –COVID-19a tarteko egoten ziren araudi aldaketek eraginda– eta duela bi urte azoka egin zuten, baina Biteri plazako aterpean, eta edukiera-neurri zorrotzak errespetatuta.

Hala, herritarrek beste urte batzuetako ezintasun barik ikusi ahal izango dituzte, bertatik bertara, artisauok ofizio zaharretan lanean. Urtero moduan, 45-48 postu inguru izango dira, eta tartean egongo dira zeramikariak, eskupilota egileak, tailugileak, otarreak egiten dituztenak, makilekin lan egiten dutenak... Eta, berezitasun bezala, forja erakustaldia egingo dute bertan.

Nabarmentzeko modukoak

Santamas Komisiñuak 1978. urteaz geroztik antolatzen du artisauen azoka, eta aurtengo ediziora begira bi gauza nabarmendu dituzte. Batetik, azokari dagokiona: "Artisauek nola lan egiten duten ikusteko aukera egongo da, baita euren lanak salerostekoa ere". Eta bestetik, artisautzarekin lotutako tailer bat antolatu dute abenduaren 17rako, Kulturaten: Familian izan, jolastu, gozatu eta sortu! leloa izango du tailerrak eta Kurunkunekoek eskainiko dute –10:00etatik 13:30era bitartean, 5-12 urte bitarteko umeentzat zuzendua, eta heldu batek lagunduta–. Hala, Komisiñotik gomendatu dute margoekin zikintzeko moduko arropekin joateko bertara.

Eskuartean: azoka Seber Altuben

Azoka egongo da zabalik hilaren 17an goizez (11:00- 14:00), abenduaren 23an egun osoz (11:00-14:00 eta 16:30-20:30) eta abenduaren 24an goizez. "Gure herriko artisautza sustatzeko, sortzaile, artista eta ekoizleek bat egin dugu Arrasateko artisautzaren balioak harro plazaratuz", azaldu dute Eskuartean taldeko kideek. Hala, askotariko materialez egindako produktuak jarriko dituzte salgai: zilarra, larrua, ilustrazioa, bitxigintza, zeramika eta kosmetika. "Gure ekoizpenak bertatik bertara ezagutzeko, artisauen lanaren balioa nabarmentzeko eta Gabonetako opari bereziak eskuratzeko aukera izango da", gaineratu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak