Baserritarrak, saltzaileak eta ganadua, gertu santamasetarako

Idoia Aranbarri Arzuaga 2022ko abe. 21a, 10:00

3 urte ditu eta 180 kilo pisatzen du aurtengo santamasetako Txerrinsky txerriak. (Argazkia: I.A.A.)

Hamahiru postuk hartuko dute parte fruta, barazki eta herriko saltokien lehiaketan; eta ganadu ferian, berriz, Debagoieneko hamar baserritarren 150 animalia inguru izango dira ikusgai; beste urte batez, txerria Aretxabaletako Zaloña Aurrekoa baserrikoa da.

Normaltasunez ospatuko dituzte arrasatearrek santamasak aurten, eta festen egun handian, abenduaren 22an, ez dira faltako ohiko fruta, barazki nahiz herriko saltokien erakusketa eta lehiaketa, ganadu azoka eta herri bazkaria. Biteri plazan kokatuko dira Euskal Herriko txoko askotariko saltzaileak euren produktu gastronomikoak saltzeko. Egun osoan musikak eta dantzak girotuko ditu Arrasateko kaleak; besteak beste, herriko dantzari, trikitilari, txistulari, gaitero, albokari eta txalapartariak ibiliko dira egunean zehar, baita txaranga eta Iturengo joaldunak ere.

Eta, nola ez: dagoeneko aukeratu du eguneko protagonista santamasetako komisioak: Zaloña Aurrekoa baserriko Txerrinsky txerria.

Azoka eta lehiaketa

Goizeko hamarretatik aurrera egongo da fruta, barazki eta herriko saltokien erakusketa eta salmenta Seber Altube plazan. Aurten hamahiru postu egongo dira, eta, gehienak Arrasatekoak izango badira ere, Aretxabaletako, Aramaioko eta Segurako saltzaileak ere bertaratuko dira.

Lehiaketan parte hartuko duten saltzaileek 09:30erako jarri beharko dituzte saltokiak. Kultura Saileko bi teknikarik, batzordeburuak eta idazkariak osatuko dute lehiaketako epaimahaia.

Sari banaketa eguerdiko hamabietan egingo dute, Seber Altube plazan bertan. Udaletik adierazi dutenez, produktuen kopurua, kalitatea eta aurkezteko modua hartuko dituzte kontuan.

Herriko saltokien kategorian hiru sari emango dituzte eta fruta nahiz barazkienean, bina. Herriko saltokietan, lehenengoak 250 euro eta garaikurra eskuratuko ditu; bigarrenak eta hirugarrenak, 200 eta 150 euro, hurrenez hurren. Barazki nahiz frutetan bi sari emango dituzte, eta kasu horretan ere 250 euro eta garaikurra jasoko ditu irabazleak eta bigarren postuan geratzen denak, 200 euro. Halaber, aurreratu dute sarietako batzuk hutsik utzi ahal izango dituela epaimahaiak eta parte-hartzaileek ezin izango dutela saririk metatu.

Ganadua bai, hegaztirik ez

Goizeko hamarretatik aurrera izango da ganadua ikusgai Jose Maria Arizmendiarrieta plazan, baina baserritarrek ez dute hegaztirik eramango azokara; hortaz, ganadu feria izango da soilik. Hori horrela izatearen arrazoia hegazti gripea dela adierazi dute antolatzaileek.

Baserritarrek ez dute hegaztirik eramango ganadu feriara, hegazti gripea dela eta

Hamar baserritarren animaliak egongo dira plazan; gehienak arrasatearrak, baina guztiak ibarrekoak. 150 buru inguru egongo dira. Urtero legez, behiak, pottokak, moxalak, behorrak, idiak, astoak eta ardiak gertutik ikusteko aukera egongo da, besteak beste.

Berrikuntza batekin dator ganadu azoka: hain justu ere, Mikel Velasko artzain arrasatearrak artile mozketa erakustaldia egingo du. Bi txandatan burutuko du jarduera: lehendabizikoa goizeko hamaiketan izango da eta bigarrena, eguerdiko ordu batean.

'Txerrinsky' protagonista

2016a ezkero, Aretxabaletako Zaloña Aurrekoa baserritik ekartzen dute santamasetako txerria. Aurtengoa emea da eta ama euskal txerria da; aita, berriz, Galiziatik ekarritako txerri mestizoa. Txerrinsky izena jarri dio santamasetako komisioak.

Ibai Alberdi da jabea, eta, adierazi duenez, txerriak 3 urte ditu eta 180 kilo inguru pisatzen du: "Duela gutxi, umeak egin ditu eta argal dago". Hala ere, Alberdi ez da harritu aukeraketaz: "Ez naiz harritu txerri hori aukeratu dutelako; komisiokoak etortzen direnean daukaguna erakusten diegu eta hortik aukeratzen dute. Guk ez dugu aukeraketan parte hartzen".

"Besteen antzera zaindu dugu. Jaten eman eta apur bat zaindu dugu. Umealdietan garbi mantendu dugu kumeak aurrera ateratzeko, baina ez dugu ezer berezirik egin", dio aretxabaletarrak, txerria nola zaindu duten galdetuta.

Txerrinsky "mantsoa" dela dio Alberdik. Hilaren 21ean 19:00etan egingo dute aurkezpena, Herriko Plazan, eta 22an, aldiz, 10:00etan Portaloian. Zelaiko lasaitasunetik festa girora lekualdatuta ere animalia "lasai" egongo dela aitortu du aretxabaletarrak: "Gure txerriak lasai egoten dira. Hemen ere beti jendartean ibiltzen dira, ez gara gu bakarrik etortzen. Jende asko ibiltzen da bueltaka; jaten ematera, adibidez. Txerrikumeak egiteko daudenean ere jendeak laguntzen digu eta jendartean ibiltzen ohituta daude".

Halaber, santamasetako komisiotik aurreratu dute txerri zozketa eta errifa salmenta "ezinbestekoak" direla santamasak antolatzeko: "500 euroko saria irabazteko aukeraz gain, jai herritar hauei bultzada emateko modu zuzena dira". Zozketa arratsaldeko zortzietan egingo da, Herriko Plazan, txerri dantza herrikoiaren ostean.

Herri bazkaria Musakolan

Musakolako kiroldegiak hartuko du herri bazkaria eta txartelak dagoeneko salgai daude, 22 euroren truke, Kajoi tabernan. Antolatzaileek azaldu dute gastatu arte bertan erosi ahalko direla eta, agortzen ez badira, egunean bertan ere erosteko aukera egongo dela. Erosle bakoitzak bost txartel erosi ahal izango ditu, gehienez ere.

Halaber, komisiotik aurreratu dute bazkari-gunera sartzen den pertsona orok bazkarirako tiketa izan beharko duela: "Bazkaldu edo ez, adina dena delakoa izanda ere, bazkarirako gunera sartzeko tiketa izatea ezinbestekoa izango da".

Pateak, risottoak, onddo-saltsaz betetako orri-mamiek, haragizko piper beteek, saiheskiak, goxuak, kafeak eta kopak osatuko menua aukeratu dute. Dena den, menu horretaz aparte, begetarianoentzako, beganoentzako eta zeliakoentzako menuak ere egongo direla azpimarratu dute komisiotik.

AZ Gaubelak bikotearen dantzaldia ohitura bihurtu da bazkalostean, eta eurak arduratuko dira arratsalde partea girotzeaz euren musikarekin.

Bazkaria Musakolako kiroldegian izango denez, beste urte batez, autobus zerbitzua eskainiko dute, dohainik, erdigunetik joan-etorria egiteko. Bazkaltzera joateko, 14:00-14:45 bitartean joan-etorrian ibiliko da autobusa Maalako biribilgunetik Musakolara. Arratsaldean, kiroldegitik erdigunera itzultzeko 17:30etik 19:00etara bitartean egongo da martxan doako autobus zerbitzu berezia.

Festaren balioak karteletan jasota

Hamahirugarren aldiz egin du santamasetako kartela Iban Galan Desegin, ilustratzaile arrasatearrak. Aurten, gainera, hiru kartel egin ditu festa iragartzeko, jaien balioak islatu nahi izan baititu: berdintasuna, aniztasuna eta integrazioa. Berdintasuna islatzeko, kartel batean zapia jarri du; haren hitzetan, "gizonek nahiz emakumeek erabiltzen dute elementu hori baserritar jantzietan". Bestean, txapela, aniztasuna erakusteko: "Santamas egunean ikusten baita balio hori; kultura taldeekin, esaterako". Eta, azkenik, integrazioa, abarketan, gomazkoak edo larruzkoak izan daitezkeelako eta zona askotako jendea baitago herrian. Azaldu duenez, Antton Olariagak egindako santamasetako kartelak erreferente izan dira berezitasunak zituztelako, eta artistaren fan gisa deskribatu du bere burua.

Iban 'Desegin', kartelarekin. (Argazkia: I.A.A.)

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak