Kutsu euskalduna duen jaiotza ere jarriko dute

Imanol Beloki Unamuno 2022ko abe. 21a, 15:00

Arantxa Alonso, asteon, San Frantzisko elizako jaiotza prestatzen.

Arrasateko Izartsua Belenzaleen Elkarteko kideek antolatuta, jaiotzen erakusketa jarriko dute San Frantzisko elizan: santamas egunaren biharamunean ireki eta urtarrilaren 6ra arte egongo da. Urtero jartzen dute, baina aurten, berezitasunekin.

Arrasateko San Frantzisko elizan jaiotzen erakustaldia izango da ikusgai Santamas Egunaren biharamunetik urtarrilaren 6ra arte. Ordutegia 18:00etatik 20:30ak arte izango da egun guztietan; edozelan ere, abenduaren 24an, 25ean, 31n eta urtarrilaren 1ean itxita egongo da erakusketa.

Inplikazio handiko lana

Begoña Mugika, Joakin Etxebarria eta Arantza Alonso dira, besteak beste, erakusketa jartzearen arduradunak, eta asteon aritu dira erakusketarako prest dituzten elementu guztiak biltegitik atera eta San Frantzisko elizako hainbat txokotan jartzen. "Dekorazio elementu asko Izartsua elkarteko kideek egindakoak dira, baina elektrizitateko lanetarako, josteko eta beste hainbat eginkizunetarako hainbat pertsonaren laguntza izan dugu. Gure kasuan, baserri-etxeak, zubiak eta jaiotzak dituen beste zenbait elementu elkarteko kideok egin ditugu, oso-osorik", adierazi du Arantza Alonsok, Arrasateko Izartsua Belenzaleen Elkarteko kideak.

Eliza inguratuz 21 diorama

San Frantzisko elizako aterpean, kanpoaldean, kutsu euskalduna duen jaiotza jarriko dute. Horrekin batera, 21 diorama elizako barnealdea inguratzen eta erretaularen alboan jaiotza hebrearra jarriko dituzte. "Hamabost urtez jarri ditugu dioramak elizan Gabonetan. Aurten ere dioramak jarriko ditugu Nazareteko Jesusen bizitzaren eszenekin, haurra zen garaia kronologikoki kontatuz. Horrekin batera, jaiotza hebrearra elizaren barruan eta euskal landa islatzen duen jaiotza elizaren atarian, nekazari bizitzaren eszenak eta gure inguruko xehetasunak dituena".

Zotzekin egindako figurak

Dekorazio irudiak hainbat artisauk egindakoak dira; horietako batzuk, gainera, zotzekin egindakoak. Kasu horretan, Izartsua elkarteko kideentzat bereziki egindakoak dira zenbait pieza: "Errege Magoek teleskopioarekin izarrak ikusten dituzten diorama bat egin digute, Mariak eta Josek elkarri ezkon-hitza ematen dieten unekoa eta abar". Euskal jaiotzean egindako figura gehienak zotzez egindakoak dira, esklusiboak. "Dantzari bikote bat dugu, txistularia, baserritar bat, baita errementaria herensugeari aurre egiten ere; gure herriari erreferentzia zuzena egiten dion figura berezia da honako hau".

Omenaldia Gabon kantari

Izartsua elkarteko kideek prestatuko duten jaiotzako dekorazio irudiak Iruñean, Toledon eta Murtzian erositakoak dira, eta berezitasun bat izango dutela adierazi dute: "Gitarra bat jarriko dugu jaiotzean, Jainkoaren gaua, bake gaua Gabon kantari erreferentzia egiteko. Gabon kanta hau gitarrarekin jo zen lehenengoz, Salzburgoko elizako organoa hondatu egin zelako. Gruber organista austriarrak konposatu zuen musika eta Mohr apaizak jarri zituen hitzak. Hori horrela, omenaldia egin nahi diogu Gabon kanta horri".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak