Bada dantzarako zaletasuna Arrasaten, eta ondo baino hobeto demostratzen dute hori urtero santamasetan Arrasateko Lore Gazteak eta Arrostaitz dantza taldeek eta egun horretan egiten diren bestelako dantza herrikoietara animatzen diren arrasatearrek.
Hori horrela, ez da dantzarik faltako aurtengo santamas egunean. Motorrak berotzen hasteko, zenbait hitzordu egongo dira abenduaren 22a aurretik. Batetik, abenduaren 17an, 13:00etan, Lore Gazteak eta Txikitxu-Arrostaitz taldeen eskutik umeen dantza erakustaldia izango da, Herriko Plazan. Bestetik, abenduaren 21ean, santamas bezperan, dantzaldia egingo da, 18:00etan Biteri plazan. "Santamasak jai oso herrikoiak izanda, adostu dugu santamas bezperan finkatzea dantzaldia –abenduaren 21ean urtero– eta herriko musikariek eta musika taldeek ematea –aurten, Arrasateko Trikitixa Eskolak, Arrasateko gaiteroek eta Udalaxpe txistulari taldeak–", adierazi du Herrixa Dantzan-eko Patxi Monterok. Honako hau gaineratu du: "Uste dugu aldaketa esanguratsua dela, herriko baliabideekin moldatze aldera, eta herriko musikari eta dantzariak elkarrekin jartzeko".
Dantzak nonahi
Abenduaren 22an, santamas egunean, 11:30ean, kalejira izango da Arrasateko kaleetan zehar. Bertan izango dira Arrostaitz eta Lore Gazteak dantza taldeak, Arrasateko trikitilariak, Udalaxpe txistulari taldea, Arrasateko gaiteroak, albokariak eta txalapartariak. Ondoren, herriko bi dantza talde nagusien ohiko saioak izango dira Herriko Plazan. Eguneko hitzordu azpimarragarrienek ere ez dute hutsik egingo: txerri dantza eta larrain dantza egingo dituzte; arrasatearren artean ikusmin handiena sortzen dutenak eta jendetza erakartzen dutenak.