Ekintzaz gainezka eta berrikuntza askorekin datoz Santamasak

Mirari Altube Arrese 2022ko abe. 8a, 06:57

Trikitixa eskolako, Udaleko Kultura Saileko eta Santamas Komisiñoko ordezkariak.

Santamasen berri eman dute Arrasateko Trikitixa eskolako, Arrasateko Udaleko eta Santamas Komisiñoko kide banak. Datorren astean hasi eta urtea bukatu bitartean egingo diren ekintza sorta zabala iragarri dute. Egitaraua osorik hemen.

Tradizioak, euskal kulturak eta nekazari-munduak bat egiten dute Santamasen bueltan. Eta horri balioa eman gura diote antolatzaileek: "Euskal kulturaren parte garrantzitsua den nekazari-mundua kalera ekarriz, ohitura eta tradizio zaharrak egungo jendartearen gurpil zoroan irakasgai izan daitezkeela sinesten jarraitzen dugu eta batzuetan desagertzen, bestetan eraldatzen zein egokitzen doan mundu hori ardatzean jartzen saiatzen gara".

Hiru kartel

Santamasak iragartzeko kartel bakarra beharrean aurten hiru erabiliko dituzte. Iban Galan desegin ilustratzaile arrasatearra da horien egilea eta zergatik egin dituen hiru azaldu du berak: "Hiru bertsio hauetan, jaiak helarazten dituen baloreak islatzea nahi izan ditut. Irudikatutako elementuak metafora bezala erabiliz".

Zapia duen kartelarekin berdintasuna erakutsi gura izan du: "Gizon zein emakumeek erabiltzen dugun apaingarria". Txapela duenarekin aniztasuna: "Santamas jaietan parte hartzen duten kultur taldeek eta dauden ekintza guztiak batzeko, txapela eta beronek janzteko dituen modu ezberdinak ordezkari gisa erabilia izan da".

Eta azkenik, abarkak dituenarekin integrazioa: "Gaur egun, Arrasate osatzen dugunok, zonalde ezberdinetakoak garelako eta jai-egun honetan parte hartzeko denontzako tokia dagoelako, baita belaunaldi berriei ere Santamas eguna eta euskal tradizioetan barneratzeko aukera ederra delako".

Txerrinsky gertu

Aurtengo txerria Txerrinsky izango da. Hiru urte ditu eta 180 kilo. Aretxabaletako Galartza auzoko Zaloña Aurrekoa baserriko Ibai Alberdik hazi du eta haren esanetan oso lasaia eta maitagarria da. Ama euskal txerria eta aita mestizoa izan ditu, eta duela gutxi txerrikumeak izan dituenez, "argal" etorriko da.

Txerri-zozketaren eta errifa-salmentaren garrantzia azpimarratu dute antolatzaileek: "Herritarren babesa eta bultzada ezinbestekoak dira honakoa bezalako egitarau bat prestatu eta antolatzeko. 500 eurotako saria irabazteko aukeraz gain, jai herritar hauei bultzada emateko modu zuzenena dira".

Ganadua bai, hegaztiak ez

Abenduaren 22a, eguena, izango da egun handia urtero legez. Ganadua protagonista izango da beste behin, baina aurten hegaztirik ezingo dela erakutsi adierazi dute antolatzaileek hegazti-gripea dela eta: "Tamalez, aurtengo azokan ezingo ditugu inguruko baserrietatik hegaztirik erakusgai aurkeztu".

Ganadu erakusketa Arizmendiarrieta plazan izango da: "Urtero legez, behiak, pottokak, moxalak, behorrak, idiak, astoak, ardiak izango dira ikusgai".

Berrikuntzarik ere izango da. Mikel Velasko artzain arrasatearrak artile mozketa erakustaldia egingo du. Bi txandatan egingo du hori: lehenengoa, 11:00etan, eta bigarrena, 13:00etan.

Artisau azoka eta tailerra

Ganadu feriarekin batera artisauen azoka ere ezin utzi aipatu gabe: "1978. urteaz geroztik antolatzen du Santamas Komisiñuak artisauen azoka, iragan eta geroko lanbide zaharrak balioan jarri eta sustatzeko asmoz". Hala, artisauek zelan egiten duten lan ikusteko aukera egongo da, baita haien lanak erostekoa ere.

Aurtengo berezitasunen artean forja erakustaldia dago; metalaren formaren eraldatze prozesua erakutsiko dute, baita horretarako oinarrizko teknikak ere.

Bestetik, artisautzaren bueltako tailer bat antolatu dute abenduaren 17rako. Familian izan, jolastu, gozatu eta sortu! izenarekin Kurunkunek gidatuko du eta Kulturaten izango da (10:00-13:30). 5-12 urte bitarteko umeentzat izango da –heldu batek lagunduta–. "Familia bakoitzak artelan bitxi eta koloretsu bat sortuko du musika eta jolasak medio", adierazi dute antolatzaileek.

Euskal pentatloi desafioa

Berritasunen artean dago Zaldibarren lehenengoz jokatuko den Euskal pentatatloi desafioa. Bi bikote mistok hartuko dute parte: batetik jardungo du, Karmele Gisasolak eta Aratz Mugertzak osatutakoak eta bestetik, Julen Kañamaresek eta Uxue Ansorregik osatutakoak.

Bost proba jokatu beharko dituzte. Lehenengoa, harri-jasotzea: harri-bola jaso beharko dute, gizonek 90 kilokoa eta emakumeek 50 kilokoa. Bigarrena, aizkoran: bikote bakoitzak  lau kanaerdiko lanari aurre egin beharko dio. Hirugarrena, txingak eroatea: lau plaza bete beharko ditu kirolari bakoitzak; 50 kiloko zamarekin gizonek eta 25ekoarekin emakumeek. Laugarren proba izango da korrika: 25 buelta osatu beharko dituzte kirolariek. Eta bosgarrena, giza-probak: lanak aparte bete beharko dituzte; gizonek 400 kiloko zamarekin eta emakumeek 250 kilokoarekin, bi plaza bete arte.

Proben denboren baturak zehaztuko du Santamasetako lehen pentatloiaren bikote irabazlea.

Horrez gain, motozerra tailak egingo ditu Peio Kañamares Naparrak.

Eta trontza txapelketa herrikoia ere jokatuko da Zaldibarren.

Bazkarirako txartelak martitzenean

Santamas eguneko herri bazkarirako txartelak abenduaren 13an jarriko dituzte salgai, Uarkapeko frontoiaren leihatilan, 19:00etan. Erosle bakoitzak bost txartel erosi ahala izango ditu gehienez. Bazkariaren prezioa da 22 euro.

Musakolako kiroldegian izango da herri bazkaria, eta aurten ere autobus zerbitzua egongo dela hara joateko –debalde– iragarri dute. Joan etorrian ibiliko da autobusa Maalatik Musakolara 14:00-14:45 bitartean; eta Musakolatik Maalara 17:30-19:00 artean. Aforoa errespetatu egin beharko dela adierazi dute; horregatik, bazkari gunera sartzen diren guztiek bazkariko tiketa izan beharko dute. Bazkalostea, AZ Gaubelak bikoteak girotuko du.

Olentzeroren bueltakoak

Olentzeroren etorrera girotzeko hainbat kontu izango dituzte neska-mutikoek. Hala, Olentzero Kuttun kontakizuna eskainiko diete abenduaren 16an, egubakoitza, Kuturaten.

Olentzeroren gutunak ikastetxeetan banatuko dituzte, baita hilaren 17an Txoronpiok eta Txoronpiak ere Herriko Plazan, Galtzagorrien laguntzarekin. Ondoren, gutun horiek, behin idatzita, jaso ere egingo dituzte; abenduaren 24 goizean izango da hori. Hona hemen jasotze lekuak eta orduak:

  • 11:20 : Munar.
  • 11:40 : Uribe auzoa (goiko plaza).
  • 12:00 : San Andres (Kurtzetxiki plaza).
  • 12:20 : Aprendices plaza (etxafuego bako gunea).
  • 12:40 : Musakola (San Isidro eliza ondoan).
  • 13:00 :Santa Teresa (plazan).
  • 13:30 :Seber Altube plaza.

Abenduaren 24 arratsaldean, ostera, Olentzeroren karrozak ibilaldia egingo du kalerik kale; Musakolan hasi eta Herriko Plazan bukatuko du.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak