Elena San Martin: "Oso pozik gaude Udal Euskaltegi berrian, aldaketa handia izan da"

Eneko Azurmendi Barrena 2022ko abe. 1a, 10:08

Arimazubi plazan hasi zuen bidea Arrasateko Udal Euskaltegiak eta, 40. urteurrenean, Kulturolara lekualdatu dute; etxe berrian "oso pozik eta eroso" daudela adierazi du Elena San Martinek, Arrasateko Udal Euskaltegiko zuzendariak: "Aldaketa handia izan da guretzat, hemen, guztia dugu eskura".

Irailean egin zuten Udal Euskaltegi berriaren inaugurazioa eta dagoeneko martxa hartzen hasiak dira. 40 urte bete ditu Arrasateko Udal Euskaltegiak eta orain arte Arimazubi plazan egon ostean, lekualdaketarekin hasi dute urteurren borobileko ikasturtea. Elena San Martin zuzendariak onartu du aldaketa "oso positiboa" izan dela, nahiz eta lehengo plaza faltan sumatzen duten. "Oso aldaketa handia izan da guretzat. Ohituta geunden Arimazubin; plaza eder bat geneukan aurrean eta hori faltan nabaritzen dugu. Hala ere, oso gela gutxi genituen han eta, gainera, txiki xamarrak ziren. Hori dela eta, beti ibili behar izaten genuen handik kanpo eskolak ematen, Kulturaten eta Etxaluzen, besteak beste. Orain, aldiz, euskaltegian bertan ematen ditugu eskola guztiak, enpresetakoak izan ezik, eta hori abantaila handia da guretzat".

Espazio handiko euskaltegia

Handia da Kulturola eraikineko Udal Euskaltegi berria. Harreraz gain, hamaika ikasgela, sei tutoretza gela, irakasle gela bat, liburutegia, areto nagusia eta sukaldea ditu, ikasleekin ekintzak egiteko.Gainera, aretoa eta sukaldearen arteko horma tolesgarria da eta ekintzak egiteko aukera handia ematen diela horrek, bereziki umeekin, zuzendariak azaldu duenez. Horrez gain, beste hainbat gelen arteko paretek ere aukera hori ematen dute, beharraren arabera, gela bakarra edo bi jartzeko. 

Gainera, hamaika gela horietako bik kamera eta pantaila bana dituzte. Hau da, gaur egun geroz eta ikasle gehiago dira klase presentzialetara etorri ezin direnak eta etxetik edo lantokitik klaseak hartzen dituztenak. Hori dela eta, bideo-dei baten bitartez sartzen dira klasera. Alde horretatik, Arimazubiko euskaltegiarekin alderatuta, "baliabide hobeak" dituzte eta "erosoagoa" da klaseak ematea. "Lehen beti arazoekin ibiltzen ginen, eta orain segurtasun handiagoarekin joaten da irakaslea ikasgelara", dio San Martinek.

Horrez gain, liburutegia ere badago, hainbat ordenagailurekin, eta autoikaskuntza eskaintzen dute hor. "Gerta daiteke norbaitek ez edukitzea nahikoa baliabide etxean hemengo lanekin jarraitzeko, beraz, horretarako aukera emango diogu herritarrei. Egia esan, oraindik arautu gabe daukagu, baina joango gara fintzen".

335 ikasle inguru

Gaur-gaurkoz, 335 bat ikasle ari dira Arrasateko Udal Euskaltegian, 225 heldu eta 110 bat haur eta nerabe. Askotariko maila eta profiletako ikasleak dira eta baita askotariko adinetakoak ere. "Txikienak 6 bat urte eta nagusienak 80ren bueltan", dio zuzendariak. Piter Encinas eta Rosa Mari Dominguez dira horietako bi eta "oso pozik" azaldu dira lekualdaketarekin, Arimazubiko euskaltegiarekin alderatuta, Kulturolakoa "erosoagoa eta argitsuagoa" delako, besteak beste, haien esanetan.

Encinasek nabarmendu du aldaketa "izugarria" izan dela: "Teknologia berriak ditu, oso argitsua da eta espazio handia daukagu. Guretzat zein langileentzat oso espazio duina dela euskara irakasteko eta ikasteko". Dominguezek ere ildo beretik jo du: "Guztia berria da hemen, leku zabala eta argitsua da, eta oso pozik gaude.  Nik etxetik gertuago neukan Arimazubi, baina hau leku ezin hobea da".

Sinergiak sortzea helburu

Kulturola eraikinean hemezortzi eragile daude, eta horiekin sinergiak sortzea gura du Elena San Martin zuzendariak. "Egia esan, oraindik nahiko lan daukagu leku berrira kokatzen eta egokitzen, baina orain bizilagun berriak ditugu eta gure ikasleak horra ere bideratu nahi ditugu, jakin dezaten herrian ze eskaintza dagoen. Ea nolako harremanak egiten ditugun gainontzeko eragileekin. Nik uste dut emaitza onak emango dituela, baina landu egin behar da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak