40. urteurrenarekin batera inauguratu dute Arrasateko Udal Euskaltegi berria

Eneko Azurmendi Barrena 2022ko ira. 29a, 10:50

40. urteurrenarekin batera, Kulturolara lekualdatu dute Udal Euskaltegia eta atzo, eguaztena, egin zuten inaugurazio ekitaldia. Herriko txalapartari eta trikitilariek girotu zuten saioa eta Kaitin Allendek jarri zion umore kutsua.

Udal Euskaltegiko zuzendari Elena San Martinek, HABEko zuzendari Jokin Azkuek eta Arrasateko alkate Maria Ubarretxenak hartu zuten berba ekitaldian. Halaber, han egon ziren, besteak beste, Garbiñe Mendizabal Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaria eta hainbat udal ordezkari eta Arrasateko euskalgintzako kide ere.

Euskaltegi berriarekin, euskarak "espazio berri bat" irabazi duela esan zuen Maria Ubarretxena alkateak, "eta ez nolanahikoa", gainera. "Gure hizkuntza euskaldunon nortasunaren bizkarrezurra da, baina nortasun hori beste hainbat elementurekin osatzen da, tartean, kulturarekin. Udal Euskaltegia Kulturolan kokatzearen erabakia ez zen izan kasuala, intentzio osoarekin hartutakoa baizik. Garrantzitsua zen oso euskarari bere lekua ematea, duina, baina baita hizkuntzaren ikasketa prozesua ekosistema berezi batean kokatuta egotea. Horrela, euskara ikastera datozen pertsonak ere gure kulturatik gertu daude hemen, 18 kultur talde baitituzte eraikin berean". 

Lau hamarkadako ibilbidea

40 urte bete ditu Udal Euskaltegiak, eta zera nabarmendu zuen zuzendariak: "Arimazubi plazan hasitako ibilbideari egoitza berri honek emango dio jarraipena. Oso pozik gaude. Eskerrik asko, modu batera edo bestera, Arrasateko Udal Euskaltegiak aurrera egin dezan laguntza eman dute guztiei". 

Alkateak ildo beretik jarraitu zuen: "40 urte bete ditugu euskalduntze alfabetatzean, ilusioz eta gogoz egindako ibilbide luzea da. 40 urte gure hizkuntzaren, euskararen inguruan kalitatezko zerbitzu publiko bat eskaintzen. Mila esker 40 urte hauetan gurekin lanean egon zareten, diren irakasle zein pertsona guztiei, bereziki gaur egungo euskaltegiko lantaldeari, egunero zuen lanari jartzen diozuen ilusio, gogo eta goxotasunarengatik. Eskerrik asko denoi, Arrasateko Udalaren izenean". 

Erronka berriak dituzte

Elena San Martinek gaineratu zuen "aldaketa handia" izango dela euskaltegiarentzat, "herriko hainbat kultur taldez inguratuta baikaude". Alde horretatik, hainbat erronka dituztela azpimarratu zuen. "Hau da, sinergiak bilatu eta ikusi beharko dugu euskaltegiak zer eskaini diezaiekeen kultur taldeei eta alderantziz". 

Orain arte aritu izan diren moduan, aurrerantzean ere lanean jarraituko dutela adierazi zuen San Martinek, "premia badago-eta". "Garai berrietara egokitu beharko dugu, baina betiko helburuari eutsita, hau da, edozein herritarri, ahalik eta modu goxoenean eta lasaienean, euskara irakastea". 

Jokin Azkue HABEko zuzendariak ere aurrera begirako erronkak aipatu zituen: "Gure gazteak, eskola bukatutakoan, euskara maila sendoa izateko urratsak indartu behar ditugu, gero haien lanbideetan, familian edo lagunekin normaltasunez euskara erabili dezaten", azpimarratu zuen. "Bestalde, etorkinen pisua gero eta handiagoa izango da epe ertain eta luzera begira, gure gizartean hazkunde-tasa oso baxua da eta herritar gehiago behar ditugu gure sare produktibo eta soziala zaintzeko. Horri aurre egiteko, etorkinak gero eta gehiago integratuko dira gure gizartean eta integrazio hori burutzeko bi tresna nagusi ditugu: haur gazteetan, hezkuntza sistema eta, helduetan, euskaltegia". 

Euskalduntzearen modalitate indartsuena aurrez aurrekoa dela adierazi zuen Azkuek, "hori nahi baitu ikasleen gehiengoak, ez bakarrik ikas prozesua burutzeko, baizik eta beste ikasleekin integrazioa indartzeko". Horrez gain, ikaskuntza ez presentzialak gero eta leku handiagoa izango duela aurreratu zuen, "eta hor ezin gara atzean gelditu".

Hamaika ikasgela ditu euskaltegi berriak

Adierazi dutenez, 40 urteotan "milaka eta milaka" ikasle pasa dira Arrasateko Udal Euskaltegitik. Esaterako, iaz, 2021ean, 323 ikasle izan zituen: 303 aurrez aurreko ikastaroetan eta 20 autoikaskuntza modalitatean.

Udal Euskaltegiaren egoitza berriak hainbat areto eta espazio ditu: hamaika ikasgela, irakasle gela bat, liburutegia ordenagailuarekin, aretoa eta sukaldea (ikasleekin ekintzak egiteko) eta sei tutoretza gela.

Izen-ematea zabalik

Euskaltegiko ikasturte berria abian dute dagoeneko. Ohiko ikastaroez gain, "herritarren behar zehatzetara moldatutako ikastaroak" ere eskaintzen dituzte: online ikastaroak, enpresentzako eskolak, gurasoentzako, merkatarientzat, haur eta nerabe etorkinentzako errefortzuak eta abar.

Era berean, Euskaltegitik nabarmendu dute erritmoa, maila eta ordutegia herritarren beharretara moldatzen dutela. "Herritarrei kontsulta egin eta euskararen ikaskuntzan murgiltzeko gonbita luzatzen diegu".

Izena emateko epea zabalik dute, eta hiru modu daude horretarako:

  • Euskaltegian bertan: 10:00-13:00 eta 15:00-19:00
  • Telefonoa: 943 79 70 77.
  • Watsappa: 688 78 09 31.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak