Ana Sebal LAB sindikatuko ordezkariak adierazi du azaroaren 4an ohartarazpen bat eta hiru isun jaso zituztela sindikatuaren egoitzan. "453 eurora arteko isunak dira eta arau-hauste larri bezala kalifikatuta daude. Hala, Arrasateko alkatetzak egindako adierazpen askatasunaren aurkako eraso berri hau salatzeaz gain, lorezainok gure lan-baldintzen alde egindako borrokaren aurka jazarpen jarraitu bat egon zela adierazi nahi dugu".
70 egunez egon ziren greban udal lorezainak, zerbitzua esleitzear zela-eta, haien lan-baldintzak hobetzeko asmoz. "70 egunez kalean egon ginen, gure aldarrikapenak herritarrei zabaldu eta gure egoeraren berri ematen, bitartean, enpresak eta Udalak beste alde batera begiratzen zutela ikusita", dio Sebalek.
Hori gutxi ez, eta Prezero enpresarekin izandako negoziaketetan, Arrasateko Udalak langileen aldarrikapenak isilarazi nahi izan zituela deitoratu dute, "salaketa publikoak oztopatuz eta gure aldarrikapenak kaleetatik ezabatuz". Era berean, kale garbitzaileek lorezainen kartelak eta pankartak kentzeko agindua jaso zutela ere salatu dute. "Etengabeko irabaziak dituen multinazional baten aurrean, langileok ze baliabide ditugu gure eskubideak aldarrikatzeko?".
Gaineratu dute lorezainen borroka "eredugarria" izan dela eta horri esker lortu dutela akordioa. Horren aurrean, Udal Gobernuak "mendekuz" jokatu duela azpimarratu dute. "Legea mendeku irizpide soilarekin aplikatu zaigula argi geratu da. Garbi daukagu ez ditugula isun hauek onartuko eta ordainduko. Mozal Legea aplikatzea eta adierazpen askatasunaren aurkako errepresioaren erantzukizuna Arrasateko alkatetzarena da". Hori dela eta, isun horiek bertan behera uztea eskatu diote alkatetzari.
Udal Gobernuaren erantzuna
Udal Gobernuak zera erantzun du: "Herritar orori kartelak lekuz kanpo jartzeagatik ezartzen zaizkion isun berdinak dira. Adierazpen libreko guneak daude kartelak jartzeko" .