Behera egin du biztanleriaren kopuruak azken hogei urtean Arrasaten

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2022ko aza. 29a, 08:25

Behera egin du nabarmen arrasatearren kopuruak hogei urtean; heriotzak, esate baterako, jaiotzak baino gehiago izan dira. Are, adinean gero eta zaharkituagoa da populazioa. Migrazioei dagokienez, gehiago izan dira immigratu dutenak emigratu dutenak baino, datuen artean ez dagoen arren ezberdintasun handirik.

Herrikako datuak begiratuz gero, askotarikoa izan da bilakaera Debagoienean, baina Arrasaten herritarren kopuruaren beherakada nabarmentzen da; bailarako beste herrietan ez da horrelakorik hauteman.

 

2001ean 23.026 biztanle zeuden herrian, eta 2021ean, 21.729 ziren. Hau da, 1.297 biztanle gutxiago zeuden iaz orain dela hogei urte baino, eta %5,63koa izan da beherakada.

Hor eragina duten faktoretako bi dira, ezbairik gabe, jaiotza eta heriotza tasak, baina bietako batean ere ez da joera zehatzik atzeman. Hala ere, bada arreta jarri beharreko puntu bat: heriotzak jaiotzak baino gehiago izan dira urtero.

Hain justu, 2020an erregistratu zen hildakoen kopururik handiena herrian; guztira, 305 herritar hil ziren urte horretan. Eta jaiotzei dagokienez, 2010ean jaio zen pertsona gehien; orotara, 199 haur.

 

 

Jaiotza eta heriotza tasez gain, ordea, adinak ere eragina du bilakaeran, batik bat populazioaren ezaugarritzean. Hala, horri erreparatuz gero, ondorioztatu daiteke gizartea gero eta zaharragoa dela Arrasaten, igo egin baita hogei urteko aldian 60 urtetik gorakoen kopurua.

Hain zuzen, populazioaren %24,85 osatzen zuten 2001ean, eta, iaz, %34,77 zen. Beste bi tarteei dagokienez, aldiz, jaitsi egin da kopurua 20 eta 59 urte artean eta 20 urtez azpikoena, egonkor mantendu dela esan daiteke.

 

 

Migrazio mugimenduetan, bailarako beste herrietako joeren antzera, oro har, immigrazioak emigrazioak baino gehiago izan dira, eta batez ere Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa barruan egindakoak.

2019an jaso zuen Arrasatek immigrazio gehien, eta gainera, Espainiatik kanpokoa gailendu zen EAEkoarekin batera. Emigrazioari dagokionez, berriz, aurrez, 2014an erregistratu zen daturik altuena.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak