Abenduaren 1ean isiotuko dituzte Gabonetako argiak Arrasaten

Arantzazu Ezkibel Galdos 2022ko aza. 24a, 18:21

Arrasate Musikalek eta Arrasate Rugby Taldeak elkarrekin piztuko dituzte argiak.

Abenduaren 1ean isiotuko dituzte Gabonetako argiak aurten; Arrasate Musikalek eta Arrasate Rugby Taldeak izango dute argia pizteko ardura. Maria Ubarretxena alkatea: "Bi elkarteek 50 urte daramatzate herrian lanean, kulturaren eta kirolaren alde. Nabarmendu behar da, gainera, bi elkarteek dituztela inklusio taldeak".

Orduak murriztu dituzte

Aurten argiak iaz baino bi ordu gutxiago egongo dira isiotuta egunean zehar: 18:00etatik 20:00etara isiotuko dituzte. "Iaz 600 euroko faktura ordaindu genuen argiterian eta uste dugu aurten faktura txikiagoa izango dela", esan du prentsaurrekoan Maria Ubarretxena alkateak. Berrikuntza izango da ez dutela plazan pinurik jarriko eta auzoetako pinu naturalak apainduko dituztela: Zigarrolan, Munarren, Makatzenan, San Andresen...

Elkarlanaren fruitua

Ibai-artek eta Udalak elkarlanean antolatu dute Gabonetako egitaraua. "Iaz, lehenengoz egin genuen lankidetza-hitzarmena Ibai-arterekin; eta aurten, berriro ere egin dugu. Udalak 20.000 euro bideratu du egitaraua osatzera", azaldu du alkateak. Ibai-arte merkatarien elkarteko presi-dente Jon Apraizek azaldu du Txatxilipurdik ere egitarauan parte hartu duela. "Gazte eta umeei zuzendutako egitaraua antolatu dugu, familiei eman diegu garrantzia", gaineratu du Apraizek. Abenduko zubian egingo duten scape room saioarekin jaiegunetan herrian geratzen direnak saritu nahi dituztela dio. Horrez gain, abenduaren 26tik urtarrilaren 5era ginkana berezi bat egingo dute herriko erakusleihoetan.

Erakusleiho lehiaketa

Erakusleiho lehiaketa, berriz, berritasunekin dator: 1.000 euroko saria jasoko du erakusleiho onenak. Beste hiru sari ere egongo dira: 700, 600 eta 500 eurokoak. Horrez gain, herritarren saria ere egongo da –500 euro– eta haur eta gazteena –500 euro–. Lehiaketan parte hartu gura duten komertzioek abenduaren 11a baino lehen eman beharko dute izena HAZen, udaletxeko atarian edo Ibai Arteren atarian. Erakusleihoak abenduaren 12tik urtarrilaren 6ra bitartean egon beharko dira apainduta.

Erakusleiho lehiaketan botoa emango duten herritarren artean erosketa-bonuak zozkatuko dituzte: gaztetxoendako 50 euroko bost bonu eta nagusiendako 120 euroko bost bonu. Botoa eman behar da abenduaren 12tik 18ra bitartean, eta sari banaketa abenduaren 21ean izango da 17:00etan. Dendariak animatu nahi dituzte lehiaketan parte hartzera.

Leiho eta balkoi lehiaketa

Abenduaren 18ra arte eman daiteke izena lehiaketan. Herritarrek udal atarian eman dezakete bozka abenduaren 19tik 25era. Irabazleak 350 euroko saria jasoko du Arrasateko edozein saltokitan kontsumitzeko eta bozketan parte hartuko dutenen artean 120 euroko bonu bat zozketatuko da herriko merkataritzan gastatzeko. Iaz zortzi etxebizitzak hartu zuten parte.

Egitaraua

Abenduaren 1a:

  • Txatxilipurdi, Jostailuak biltzea. 17:00etatik 18:30era, Herriko Plazan.
  • Argiak piztea, 19:00etan, Herriko Plazan.
  • Disko Festa familiarra Xaiborrekin, 18:30ean, Herriko plazan.

Abenduaren 2an:

  • Jostailuen bilketa, 17:00etatik 18:30era, Biterin.

Abenduaren 3a:

  • Jostailuen bilketa, 17:00etatik 18:30era, Biterin.
  • Haur eta gazteentzako jolasak, 11:30etik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara
    Biterin.

Abenduaren 8, 9 eta 10ean:

  • Escape Room karabana, 9:30etik 23:30era, Biterin.
  • Haur eta gazteentzako jolasak, 11:30etik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara
    Biterin.

Abenduak 11:

  • La Caravana Escape Room, 9:30etik 21:30era, Biterin.

Abenduaren 16a:

  • Tiritirantes antzerki-zirkua Geroagoko bidaia, 18: 00etan, Biteritik abiatuta.
  • Dantzatzeko Prest disko festa, 19:00etatik 21:00etara, Herriko Plazan.
  • Gabonetako otzaren banaketa, 20.00etan  Herriko Plazan.

Abenduaren 17a:

  • Jostailuak trukatzeko merkatua, Txatxilipurdik antolatuta, 11:30etik 13:00etara Biterin.
  • Antzerkia ingelesez, 11:30etan Kulturaten.
  • Haur eta gazteentzako jolasak, 11:30etik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara
    Biterin.

Abenduaren 28a, 29a eta 30a:

  • Haur eta gazteentzako jolasak, 11:30etik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara, Biterin.

Abenduaren 26tik urtarrilaren 5era.

  • Ginkana QR herriko dendetako erakusleihoetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak