Garaipena lortzetik zetorren MU, baina gaurkoan porrota jaso du Iturripen Burgoseko Grupo Santiagoren aurka, 78-83. Partida osoan zehar aurretik joan dira burgostarrak, eta atsedenaldira lau puntuko aldearekin iritsi dira, 31-35. Tentsioa egon da azken minutuetan, berdinduta egon baita partidua. Harmailako zaleek ere eman diote bultzada taldeari, baina azken unean Berrocalen taldeak egindako bi defentsa eskas baliatu dituzte Burgosekoek bi hiruko sartu, tartea handitu eta norgehiagoka irabazteko.
MUko Andoni Atxa jokalariak aitortu du "denbora dezente trabatuta" egon direla eta, ondorioz, ezin izan dutela beraien jokoa erakutsi. Jokoari dagokionez, "defentsa tarte onak eta txarrak izan ditugu, baina erregularrak izan behar dugula pentsatzen dut, bestela zaila da garaipena eskuratzea".
Denboraldia ez dute modurik onenean hasi arrasatearrek. Atxak adierazi du astero egin behar dutela lan eta "partidaz partida jokatu". Datorren astean, Valladoliden jokatuko dute Clinica Sur-Aspasia Realen aurka.
Atxa duela hiru jardunaldi itzuli zen kantxara hainbat aste min hartuta egon ostean. Aitortu du oraindik ez dagoela %100ean, baina "espero dut astero hobetzen joan eta nire maila onena errekuperatzea".