Mugarri Ingouk ezin izan du liderra mendean hartu

Txomin Madina Milikua 2022ko aza. 20a, 18:30

Ane Herrerok gidatzen duen taldean 20-30 galdu du Iturripen Ordiziaren aurka. Gaurko emaitzarekin, arrasatearrak bosgarrenak dira Gipuzkoako Gizonezkoen Txapelketako sailkapenean. Maila berean, Soraluce BKE 25-27 irabazi dio Txingudiri, eta sailkapeneko zazpigarren postuan daude bergararrak.

Liderraren, Ordiziaren, bisita jaso du gaur etxean Mugarri Ingouk eta lehen minutuetan norgehiagoka nahiko parekatua egon den arren, minutuek aurrera egin ahal Goierrikoek euren nagusitasuna erakutsi dute.

Mugarri Ingou izan da lehen gola egin duena, baina markagailua 8-8 berdinduta egon ostean,  Ordizia aurrea hartzen joan da. Hala, atsedenaldia heldu denean, 9-13 zen emaitza. Bigarren zatian ezer gutxi egin ahal izan dute etxekoek eta une batzuetan berriz ere lau goletara jartzea lortu duten arren, Ordizia apurka apurka aldea handitzen joan da. Azken lau golak, esaterako, eurenak izan dira. 20-30 izan da azken emaitza.

Gakoa, "mentalitatea"

"Aurkaria liderra zen eta hori zerbaitegatik da. Egia da nahiko txapelketa parekatua dela, baina liderra izatea ez da erraza", adierazi du Mugarri Ingouren entrenatzaile Ane Herrerok, eta gaineratu du gakoa mentalitatean egon dela: "Askotan ez dugu sinesten gauzak egiteko gai garela, edozeinek eman dezakeela pauso bat aurrera, denok garela talde bat. Haiek, ondo irten edo ez, egiten duten horretan saiatu egiten dira, eman eta eman. Guk batzuetan hor huts egiten dugu". "Talde honek taktikoki eta tekniko progresio handia dauka, eta oso onak gara, talde gaztea. Baina momentu puntual baten gure buruak behera egiten du, eta denok egiten dugu behera, ez dago inor horri buelta emateko gai denik. Eta gai dena, edo esperientzia gehien duena, min hartuta egotea igartzen da. Gaur, 18 urte dituen Gari atezainak eroan du taldea bizkarrean lehen zatian. Sinistu egin behar dugu gai garela", nabarmendu du Herrerok.

Denboraldiko hirugarren porrota izan da gaurkoa arrasatearrentzat, hirurak ere etxean, eta horrekin kezkatuta agertu da entrenatzailea: "Zeozer egin gura badugu, etxean izan behar gara gogorrak". Dena den, esan du baita ere bidea luzea dela, sailkapenean ez duela helburu finkorik: "Proiektu honetan bi edo hiru urtera begira nabil. Oinarri sendo bat egin behar dugu, hortik aurrera edozein momentutan edozer egiteko.

Gaurko lehiaren ostean, sailkapenean hamabitik bosgarrena da Mugarri Ingou. Sailkapenean azken-aurrekoa den Ormaiztegiren kontra izango dute arrasatearrek hurrengo hitzordua.

Bi entrenatzaileak eta epailea, emakumezkoak

Iturripen jokatu den partiduak izan du berezitasun bat: gizonezkoen arteko lehia izan arren, bi entrenatzaileak – Ane Herrero bera eta Ordiziako Marina Etxeberria– eta epailea –Marta Fernandez– emakumezkoak izan direla. "Bazen ordua, izan ere erakusten du emakumeok aspalditik garela gai kirol arlo horietan gauzak aurrera ateratzeko. Ordizia liderra da, eta emakumezko batek gidatzen du! Zorionak guri, gure oztopoak izan arren gure gaitasuna erakusten eta hemen gaudela esaten ari garelako", adierazi du gaiaz galdetuta Ane Herrerok.

Soraluce BKEren garaipena

Gipuzkoako GizonezkoenTtxapelketan jokatzen duen beste talde debagoiendarrak, Soraluce BKEk, arrasatearrek baino emaitza hobea lortu du ligako zortzigarren jardunaldia: 25 eta 27 irabazi dio Txingudi Goibarri. Une honetan sailkapenean zazpigarrenak dira, eta hurrengo jardunaldian Egia Kosko Taberna izango dute aurkari.

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak