Haur eta Guraso Asanbladak urri hasieran egin zuen eskaera publikoki eta azaroko osoko bilkuran mozio bat aurkeztu du taldeak, orduko hartan azaldutako eskaera guztiak aintzat hartzen dituen mozioa, hain zuzen. Mikel Lizarribarrek hartu du berba taldearen izenean, eta mozioa kontuan hartzeko eskatu die udal ordezkariei. "Mozioan ez da apatzen, baina parkeez gain, beste eskaera batzuk ere egingo ditugu, umeen zaintza erdigunean jarriz, umeen hitza bermatzeko", nabarmendu du.
Horrez gain, haurren iritzia kontuan hartzen duen mahai bat sortzea gurako luketela ere adierazi du Lizarribarrek, "eta mahai horretan profesionalak, teknikariak, udal ordezkariak eta gu geu egotea". Gaineratu du faltan sumatzen dutela horrelako mahai bat.
Anuska Ezkurra Udal Gobernuaren bozeramaileak hartu du berba ondoren, eta onartu du arlo horretan "gabeziak" daudela oraindik Arrasaten. "Hala ere, konpromiso irmoa dugu hori konpontzen saiatzeko eta kontuan hartuko dugu zuen eskaera", azaldu du. "Eskertzekoa da guraso eta herritarrak parte hartzeko eta gurekin elkarlanean aritzeko borondatea erakustea".
EH Bilduren bozeramaile Maider Morrasek ere zoriondu egin ditu Haur eta Guraso Asanbladako kideak, egiten ari diren lanagatik eta, halaber, "asko poztu" da Ezkurraren berbak entzunda. "Azken bi agintaldietan, parke bat berritu behar izan den bakoitzean, elementu naturalak kontuan hartzeko eskatu izan dugu eta Gobernuaren erantzuna izan da mantentze lanak egitea zaila dela eta hori ez dela haien eredua".
Era berean, duela hiru agintaldi sortutako Arrasatek Hezi ekimen hezitzailea ere mahaigaineratu du Morrasek, eta proiektu hori kaxoi batean gorde izana leporatu dio Udal Gobernuari.
Ezkurrak zera erantzun dio: "Mahai gainean gauza asko jarri dituzu. Gauza asko dago egiteko, eta hasieratik esan dut Gobernuaren konpromisoa irmoa dela arlo honetan lan egiteko".
Bestalde, Aritz Murua sozialisten bozeramaileak adierazi du ados daudela mozioaren edukiarekin eta haiek ere aldeko botoa eman dute. Beraz, aho batez onartu dute mozioa.
Aukera bat dute mahai gainean
Mozioaz harago, Haur eta Guraso Asanblada Gobernuarekin harremanetan jarri da dagoeneko eta, Maria Ubarretxena alkateak aurreratu du aukera bat badutela mahai gainean guraso taldeak eskatutakoa gauzatu ahal izateko. "Santa Barbarako ahateen parkean dagoen jolas parkea berritzeko asmoa daukagu datorren urterako eta dagoeneko 100.000 euroko partida jaso dugu horretarako. Hori esparru egoki bat izan daiteke elementu naturalez osatutako parke bat egiteko".
Horrez gain, parkeez gain, bestelako gaiak lantzeko gurasoek erakutsi duten prestutasunarekin "oso pozik" azaldu da alkatea.
Indarkeria matxistaren aurkako mozioa ere, onartuta
Onartu den beste mozioa EAJ-PNV eta PSE-EE udal taldeek aurkeztutakoa izan da: Sexu-jazarpena eta emakumeen aurkako beste sexu-indarkeria mota batzuk espazio publikoetan. Johanna Sanchez Berdintasun zinegotzia izan da lehena berba hartzen, eta zera nabarmendu du: "Azaroaren 25ean emakumearen eskubidea aldarrikatuko dugu. Emakumeen aurkako sexu indarkeriak funtzio sozial bat du, eta hori da emakumea kontrolatzea eta haien askatasuna kontrolatzea. Guk horren aurka egingo dugu. Emakumeok ez dugu biktima izan nahi, aske izan nahi dugu".
EH Bilduk abstentziora jo du, baina garbi utziz edukiarekin ados daudela. "Urtetik urtera hartzen diren konpromisoak ez dira betetzen. Ez dugu uste Gobernu honen lehentasuna direnik feminismoa eta indarkeria matxistaren aurkako politika. Esaterako, 2019an konpromisoa hartu zuen Arrasateko puntu ilunen zerrenda osatzeko eta horri irtenbide bat emateko eta ez da egin. Bestalde, Emakume Txokoaren kokapena ere oso txarra da eta ez da ezer egin horren aurrean. Baliabide material eta pertsonalak ez badira bermatzen, nola egingo dugu politika feminista bat?".
Maria Ubarretxenak, horren aurrean, nabarmendu du Emakume Txokoak lan ikaragarria egiten duela eta Johanna Sanchez Berdintasun zinegotzia egiten ari den lana "bikaina" dela. "Horrez gain, batzorde horretara bideratutako diru partida hazi egin da, giza baliabideetan ere gora egin du eta berak saioan esan moduan, batzordean emango ditu azalpen guztiak, baita publikoki ere, zergatik ez? Oso lan ona egin da eta aditzera eman beharra dago".
Azkenik, aipatu, Podemos Arrasateren ordezkaritzarik ez dela egon gaurko saioan, izan ere, Eva Abuin ama izan berri da. Hori dela eta, lore sorta bat eta panpina bat oparitu diote alderdikideek, eta bera egon ohi den lekuan jarri.