Santa Agedako bainuetxearen historia jaso dute liburuan

Miren Arregi Amasorrain 2022ko urr. 29a, 17:56

Gaur aurkeztu du Juan Pedro Valenzuela historialariak El Balneario de Santa Ageda liburua, Arrasate Zientzia Elkartearen egoitzan. 1825ean ireki eta 1897an itxi zen bainuetxearen historia berreskuratzeko ariketa da liburua. Anekdota eta kuriositatez betea.

XIX. mendeko bainuetxerik garrantzitsuenetarikoa zen Santa Agedakoa eta hura balioan ipintzen duen liburua da Gravitaciones editorialak argitaratu duen hau. El Balneario de Santa Ageda izenekoak, XIX. mendera bidaia bat proposatzen du, "hain urrunekoa ez izan arren, ezezagun dugun garai batera". Juan Pedro Valenzuela idazleak –bainuetxea zabaldu zuen Mendia familiaren ondorengoa–, "kuriositatez eta anekdotaz" bete du liburua. Esaterako, garai hartako zein pertsona ospetsu eta garrantzitsu joaten ziren bainuetxeko ur sendagarrien bila. Besteak beste, Espainiako Isabel II.a, Maria Cristina erreginaordea, Narvaez generala, Canovas del Castillo eta abar.

Horrez gain, Valenzuelak nabarmendu du, oso sukalde ona zutela bainuetxean, ospe handikoa. "Okela, arraina, frutak, barazkiak... oso jaki onak eta sofistikatuak prestatzen zituzten, garai hartako bezero zorrotzen beharrak asetzeko modukoak".

Canovas del Castillori bi kapitulu

Canovas del Castillo 1897ko abuztuaren 8an hil zuen Michelle Angiolillo anarkista italiarrak Santa Agedako bainuetxean bertan eta gertakari hark "bainuetxearen itxiera bizkortu zuen", Valenzuelaren esanetan. Liburuan, Canovas del Castillo bainuetxera etortzen zenean zituen ohiturak eta haren egunerokoa jasotzen duen kapitulu bat dago eta bigarren bat, haren erailketaren gaineko kontuak jasotzen dituena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak