Logela Multimediako kideak iaioak dira jendaurreko ikuskizunak efektu digitalez janzten. Estilo horretako dozenaka obra ondu dituzte, eta Amaia antzokian ere eman dute haurrentzako zein helduentzako ekimenen berri. Domeka arratsaldean aurkeztuko dutena Zaragozako Circle of Trust dantza konpainiarekin egindako elkarlanaren fruitua izango da. Askotariko modalitateak, tartean breakdancea, lantzen dituzte aragoiarrek beraien espektakuluetan. Beraz, talde bakoitzak maneiatzen dituen diziplinak elkartu eta Suirrealismo ikuskizuna atera dute plazara.
Surrealismo izeneko korronte artistikoan dago oinarrituta izena. 40ko hamarkadan Parisko kafetegietan batzen ziren hainbat diziplinatako artistek sortu zuten mugimendu hori, ezaugarrietako bat inkontzientea irudimenaren iturria dela erakustea duena. Hain justu, artista surrealisten ekarpena XXI. mendeko hizkuntzaren bidez berrinterpretatzeko xedea du Amaian taularatuko duten obrak.
Sarrerak hamar eurotan eskura daitezke Arrasate.eus atarian eta Amaia antzokiko leihatilan.