Emakumezkoen Lehen Mailako MU eta Unibasket Logroño taldeen arteko saskibaloi partida jokatu da gaur arratsaldean Iturripen, eta arrasatearrak nagusitu dira denboraldiko hirugarren jardunaldian, 70-64. Honenbestez, denboraldiko lehen garaipena lortu dute.
Aurreko asteetako bi partiden ondoren, defentsa eta errebotea hobetu dituztela adierazi du Iñaki Ogara Arri entrenatzaileak. Norgehiagoka osoan zehar aurretik joan da MU, eta 10 puntuko aldearekin heldu dira atsedenaldira. Hala ere, tentsio handiko amaiera izan dela esan du Arrik: "Tentsio asko egon da amaieran. Edonork irabaz zezakeen. Azken minutuetan defentsa ona egin dugu; erasoan, berriz, pazientziarekin eta jaurtiketa libreekin garaipena eskuratu dugu".
Denboraldiko lehen garaipena izan da. Aurreko bi partidak "zailak" izan zirela adierazi du entrenatzaileak biak 40 puntu baino gehiagoko aldearekin galdu baitituzte: "Partida zailak izan dira aurreko biak, eta gura genuena ezin izan genuen egin. Hala ere, gaurkoan, egoerari buelta ematea lortu dugu".
Datorren astean, Navarro Villosladaren aurka neurtu beharko dituzte indarrak MU-ko neskek.