Ander Garay Arrasateko Udaleko Kirol zinegotziak azaldu duenez, kirol diziplina honi dagokionez, Gipuzkoa mailan handiena den elkartea da Lotzen, eta, beraz, egokia iruditu zitzaien beraiekin batera antolatzea egun hau. Tailerra 10:00etatik 14:00etara egingo da, ordu eta laurdeneko hiru txandetan. Lehena, 8 urtetik 11 urte bitartera artekoei zuzenduta dago, bigarrena, 12tik 16rakoei, eta, azkenekoa, 16tik gorakoei. Dena den, aurrez izena ematea komeni da BAZ zerbitzuan, Musakola kiroldegian edo https://izenemateak.arrasate.eus/ web orrian.
Haurren kontseilutik iritsitako eskaera baten ondorioz erabaki zen parkea sortzea, Garayk azaldu duenez. Lehen hezkuntzako laugarren eta bosgarren mailatako haurrek osatzen dute, eta 2018an egin zuten eskaria, ludoteken eta gaztetxokoen aldi berean. "Arrasaten badago afizioa, eta gune duin bat erabaki genuen egitea praktikatu zezaten. 8 urtetik aurrerako gazteentzako falta zen horrelako gune bat sortzea".
Pumptrack parkearen proiektua
Behin parkour parkea inauguratuta, ordea, beste proiektu batzuk ditu eskuartean Udalak, eta horietako bat da Pumptrack bizikletentzako parkea. Garayk jakinarazi duenez, herritarren eskarietatik sortutako proiektua da, besteak beste, prozesu eta aurrekontu parte hartzaileetan bozkatuena izan zen proposamenetako bat izateagatik. Hala, kirol azpiegituren mapan urratsak egitea dute asmo, Arrasate herri "oso kirolaria" delako.