Gaurko manifestazioaren amaieran irakurritako idatzian, Arrasateko Udal Gobernuari eskatu diote eskura dituzten bitarteko guztiak erabil ditzala zerbitzuaz arduratzen den Prezero enpresak langileen soldata eta lan baldintza duinak berma ditzan. "Hau ez da Prezero eta langileon arteko gatazka hutsa bakarrik. Gure ustez, borondatea da gakoa eta falta dena langileon eskaerak aztertzea, ondoren irtenbideak aurkitzeko. Irtenbide duin baten alde, lanpostu duinen alde. Akordioa orain!".
Uztailaren 18az geroztik daude greban Arrasateko lorezainak: "Gaur egungo gure lan baldintzak eta soldatak ez datoz bat bizi dugun errealitatearekin, eta hori are nabarmenago geratu da azken hilabeteetan erregaien, gasaren edota oinarrizko produktuen prezioak errekor historikoetan daudela ikusita. Gure proposamena argia da: lan akordio duin bat lortzea, bide batez estatu mailako hitzarmena hobetuko duena eta gure herriko errealitatera egokituko dena".