Arrasate Errugbi Taldeak eta Eibar Errugbi Taldeak akordioa sinatu dute 2022/23 denboraldirako eta, ondorioz, Emakumezkoen Euskal Ligako 1. Mailan lehiatzeko talde bateratua osatuko dute.
Eibar Errugbi Taldeko emakumezkoen ekipoak ibilbide luzea egina du, eta gaur egun errugbi nazionalaren mailarik gorenean lehiatzen du, Emakumezkoen Ohorezko Maila –Iberdrola Ligan, hain justu ere–. Hainbat urtetako etenaldiaren ostean, Arrasatekoentzat aurtengoa hirugarren urtea izango da taldea berreskuratu zenetik, iaz Euskal Ligan lehiatu ondotik.
Bi kluben arteko akordio horrek hainbat helburu ditu, horien artean “entrenamenduak kalitate handiagokoak izatea, jokalari eta entrenatzaileen kopurua handituz; elkarrekin Euskal Ligako 1. Mailan lehiatu ahal izatea eta inguruan emakumezkoen errugbia sustatzea”. Esan bezala, Eibarreko lehenengo taldeak Iberdrola Ligan lehiatzen jarraituko du; konbinatu gipuzkoarrak, aldiz, AGT Arrasate Errugbi Taldea izenpean, Euskal Ligako 1. Mailan.