Musika irakaskuntzari eskainitako hiru ibilbide luze, aitortza bidez borobilduta

Eneko Azurmendi Barrena 2022ko uzt. 14a, 19:47

Hainbat eta hainbat urtez musika irakasle izandako Miren Gastañaresek, Maria Pilar Etxebestek eta Mertxe Madinabeitiak aitortza jaso dute gaur, Arrasate Blues jaialdiaren baitan, Imanol Gallego kazetariak aurkeztuta. Pozik, ilusioz eta hunkituta hartu dute omenaldia hiruek, eta malko bat baino gehiago erori zaizkie, bai haiei, eta baita gainontzekoei ere.

Mertxe Madinabeitiak "sorpresa handia" hartu zuen aitortzarena jakinarazi ziotenean. "Hasieran, ez nuen sinistu. Izan ere, ez nuen sekulako pentsatuko halako aitortzarik jasoko nuenik. Hala ere, pozik nago eta ilusio handia egin dit. Gainera, telefonoa jo eta jo aritu zait egun hauetan, zorion mezu asko jaso ditut eta hori pozgarria da".

Miren Gastañaresek ere onartu du ez zuela espero, eta zera gaineratu du: "Irakasle garaiak ekarri dizkit gogora. Oso urte politak izan ziren, oroitzapen onak ditut".

Maria Pilar Etxebestek, azkenik, azaldu du asko hunkitu zela aitortza egin behar ziotela jakin zuenean. "Segituan akordatu nintzen Arrasate Musikalen sortzaileekin, Juan Arzamendi zuzendariarekin eta baita irakasle guztiekin ere. Hala ere, garrantzitsuena da oso ibilbide oparoa egiten ari dela Arrasate Musikal eta orain, falta zaiguna da eraikin berriaren inaugurazioa", nabarmendu du.

Ibai-arteko kide eta Arrasate Blues jaialdiaren antolatzaile Jon Apraizek, azkenik, esan du urte askotan lanean aritu direnei omenaldi bat egitea ezinbestekoa iruditzen zaiela, "haiek egindakoa eskertuz eta aitortuz". 

Irakasle bila, etxez etxe

Banda Munizipala bertan behera geratu zenean, musika eskola bat zabaltzea pentsatu zuten kideek, eta etxez etxe joan ziren musika irakasleen bila. Bederatzi emakumerekin abiatu zuten, 1972an, Arrasate Musikalen lehen ikasturtea; horien artean zen atzo omendutako hirukotea. "Piano ikasketak egin nituen Donostian eta ezkondu aurretik Banco Gipuzcoanon egin nuen lan. Ilusio handiz hartu nuen irakasle izateko eskaintza gero", dio Maria Pilar Etxebestek. Mertxe Madinabeitiak, berriz, Arrasateko Centro Accion Catolica elkartean ikasi zuen pianoa jotzen. "Kuota bat ordaintzen zen hilero eta jendea artatzen genuen han. Jangelan zegoen pianoan ikasi nuen". Damas de la Asuncion eskolan –San Viator Txiki– piano pieza batzuk jotzen ikasi ondoren bost urteko piano ikasketak egin zituela dio Miren Gastañaresek: "Ezkondu egin nintzen gero, eta titulua hor egon zen, Arrasate Musikalekoak etorri ziren arte".

Mankomunitatea dagoen tokian hasi ziren eta Juan Arzamendi Musika Etxea izango den eraikinera pasatu ziren gero. "Hutsetik hasi ginen; denetarik egiten genuen, baita hormak bota ere. Gogorra izan zen hastapena", dio Etxebestek.

100 pezetako soldata zutela gogoan dute. "Bi irakasle ezkongabeak zirenez, ez zuten gizarte segurantzarik, eta borrokatu egin ginen, Udalarekin akordioa lortu eta denontzako asegurua lortu arte. Irakasle gazteagoak sartu zirenean euren lan baldintzak hobetuaz joan zirela dio Gastañaresek. "Gizarte segurantzagatik borrokatu ginen. ELAra afiliatu ginen eta abokatu batek paperak egin zizkigun. Aurretik tituluak genituen, baina kontraturik ez".

"Harro" daude euren ikasle asko noraino heldu ziren ikusita. "Orduan ere asko eskertzen ziguten, opari asko jasotzen genituen-eta ikasleen familiengandik".

Asteburu luzea aurretik

Ekainean motorrak berotu ostean, dagoeneko martxan da Arrasate Bluesen zati potoloena eta, gaurtik domekara arte, eskaintza zabala egongo da herri guztian. "Gure indar guztiak jarri ditugu ahalik eta asteburu oparoena izan dadin. Beraz, arrasatearrei zein debagoiendar guztiei dei egin diegu animatu daitezela musika onaz gozatzera". 

Blues bazkarietan lekua dago

Azkenik, Apraizek adierazi du blues bazkarietarako lekua dagoela oraindik, bereziki Uxartekoan. "Giro ederra egongo da, zuzeneko musikarekin, eta herritarrei esan gura diegu aprobetxatu dezatela aukera; egin dezatela erreserba". 

Erlazionatuak

Dena prest, laugarren Arrasate Blues jaialdia hasteko

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2022 uzt 14 Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak