Geratzeko etorri da Mondra & Roll, arrasto berezia utzita

Jokin Bereziartua Lizarazu 2022ko uzt. 10a, 18:47

Punk-oi! zaleek nekez ahaztuko duten bi egun frenetikoren ostean, amaitu da Mondra & Roll jaialdiaren lehen edizioa. Eta Monterron parkean bizi izan dena ikusita eta antolatzaileen asmoak zeintzuk diren jakinda, geratzeko etorri da.

Jarraian bi egunetan zehar oholtzara igo ziren taldeen zuzenekoen gaineko zertzelada batzuk.

Egubakoitza, lehen eguna

The Capaces. Espektatibak bete zituzten, Mondra & Roll jaialdiko dragoiaren garra pizteko oso aproposa izan da Euskal Herrian askotan egon den laukote bartzelonarra. Martillo-k iratzarri zuen Monterron, hardore, punk eta rock and roll entsaladarekin.

La Excavadora. 1977ko punk-rock melodia itsaskorrak dituen taldea gogotsu igo zen agertokira baina nahiz eta Aitor Urbizu igo behar izan zen, Marky Ramone-rekin biran dagoen Iñaki Urbizu Pela-ren lotsagabekeriaren hutsunea handia izan zen. Beste baterako.

La Inqusicion. Oi! doinuei bestelako bizitasun bat ematen dion talde kataluniarrak ez zuen hutsik egin; giroa orduan hasi zen berotzen Monterronen.

Anticuerpos. Oso hunkigarria izan zen horrenbeste urteren ondoren kantu horiek zuzenean entzutea. Soinua ez zuten aldeko izan, baina aukeratutako abestiak eta kolaboratzaile zerrenda oso dotorea izan zen: Josu Parabellum, Patxi Delirium, Iratxe Desorden... Stranglers-en No More Heroes, La Uvi-ren La Policia edo Vulpess-en Me gusta ser una zorra bertsioek ikuslegoa dezente mugiarazi zuten. Taldea, eurek diotenez, bi kontzertutarako itzuli da: Errioxan emandako kontzertu bat eta Mondra & Roll-erako.

The Baboon Show. Ikuslego gaztea eta ez horren gaztea asebete eta harritu zuen Eskandinaviako laukoteak, batez ere Cecilia front-woman elektrikoari esker. Energia, gertuko kontaktua eta asko zaindutako ikuskizuna. Euskal Herrian hainbat alditan egon dira honezkero, eta ez dute sekula hutsik egiten.

Cockney Rejects. Stinky Turner abeslariak ez du Londresko auzo langileetako izaera galdu eta horren alde boxeatzeko prest dagoela erakutsi zuen Monterrongo agertokian. Emanaldiak iraun zuen ordubete pasatxoan ez zen geratu. Klasiko askotxo jo zituzten eta Baboon Show taldeak muga oso goian jarri ostean, ikuslegoa irabazi zuten.

Zapatua, bigarren eguna

Zero. Bigarren egunari hasiera ematearen arduradunak izan ziren eta ez da erraza izaten, baina emanaldi indartsua eskaini zuten. Led Infierno-k beste behin erakutsi zuen frontwoman itzela dela.

Crap. Boskote arrasatearrak inoiz ezagutu duen plaza onena izan zuen zapatuan eta, urduritasunak urduritasun, ez zuten kale egin.

Perlata. Amorrutik edota sentiberatasunetik abestuta, kontzertu gogoangarria eman zuten. Hirukoteak –edo laukoteak, biolin-jotzailea igo zenean– Monterrongo agertoki handia betetzea lortu zuen eta igarri zen eurek asko gozatu zutela kontzertuan zehar. Abestiren bat edo beste birritan hasi behar izan bazuten ere, naturaltasun osoz jardun zuten.

Des-kontrol. Etxean jokatzen zuten, eta hasieratik igarri zen. Kontzertu bereziki zaindua eta indartsua eman zuten; kantuak oso ondo aukeratuta eta taldea oso ondo koipeztuta. Keinu ederra izan zuten ekainean hil zen Aido lagunarekin eta kolaborazio oso bereziak izan zituzten: Rip-en Mundo Muerto Txerrarekin, Iskanbilaren Pentsamenduak Gotzon eta Xabi Manceborekin eta Zakarrak-en Salinbruky Petete eta Oskarrekin jo zutenean, eromena nagusitu zen Monterronen.

Cock Sparrer. Oi!-aren aititak 50. urteurrena ospatzen ari dira baina argi dagoena oso ondo zahartu direla. Izaera eta estilo propioa izan dute beti eta zapatuan oso gustura ikusi zitzaien Monterronen. Oi! zaleentzat ereserkiak diren kantu gehienak jo zituzten, ikuskizun paregabean. Des-kontrol-eko kolaborazio ezin bereziagoekin batera, Cock Sparrer izan zen jaialdi berri honen unerik gorena.

Peter and the test tube babies. Punk zaleentzat klasiko itzelak dituen taldeak ez zuen eguna izan. Peter-en ahotsa hondatuta egon zen emanaldian zehar eta bere irribarreak ez zuen altxatu erdipurdikoa izan zen emanaldia.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak