Santa Teresa eta Doneztebeko bizilagunen elkarteak bigarren urtemuga ospatuko du asteburuan

Hasier Larrea 2022ko uzt. 5a, 15:41

Iaz bezala, aurten ere egitarau zabala antolatu dute, auzotarren arteko harremanak indartzeko helburuarekin. Ostegun goizean banderaren igoera izango da lehenengo ekintza. Zapatuan, hilak 9, egingo dituzte ekitaldi gehientsuenak.

Musakola gaineko kaleen egoerak hobera egin zezan, indarrak batu zituzten zenbait auzotarrek 2020ko uztailean. Hala, Avesantes elkartea sortu zuten Santa Teresako eta Doneztebe Portuko bizilagunek, bi helburu argirekin. "Batetik, Udalari irisgarritasun eta saneamenduarekin lotutako neurriak hartzea eskatzeko; eta, bestetik, auzotarren arteko harremanak indartzeko", azaldu du Jorge Davilak.

Lehen eginkizunarekin lotuta, Santa Teresako igogailua eraikitze fasean dago, une honetan obrak geldi egon arren. Gainera, Udaleko Hirigintza teknikariak elkartearekin harremanetan daude, ze hobekuntza egin daitezkeen aztertzeko.

Ospakizunak, hasita

Eguenean igoko dute dute diseinu apurtzailea duen bandera elkartearen lokal sozialean, Santa Teresa kalean. Arratsaldean, udalbatzako ordezkari politikoei eta enpresa laguntzaileei harrera egin zieten Avesantesko bazkideek. Bestalde, argazki erakusketa irekiko dute lokalean, Israel Diaz Izquierdo argazkilari segoviarraren eskutik, eta afal aurretik otordua egin zuten lagunartean.

Barikuan, atseden hartzeko baliatuko dute eguna, zapatukoari pilak kargatuta ekiteko. Arrasate Trikitixa Eskolakoen kukurrukuarekin esnatuko dira, eta, 11:00etan, Arrasate Atletiko Taldeko kideen laguntza izango dute haurrentzako lasterketak abiarazteko. 12:00etan irekiko dute txosna, Santa Teresako ikastolan. Bertan, hainbat lagun lehiatuko dira patata-tortillarik onena norena den erabakitzeko. 13:00etan, pregoia irakurriko du auzotar batek, eta 14:00etan, bazkaritarako, parrillada herrikoia jango dute aurreko egunean lokal sozialean tiketa erosita dutenek. Bazkalostean, 17:00etan, bingoan jokatuko dute nagusiek, eta haurrek urez betetako globoekin eta jolas gehiagorekin gozatzeko aukera izango dute.

Azkenik, 21:00etan, Patxi Luque gitarra-jole antzuolarrak errepertorio ezagun eta zabala eskainiko du; nahi duenak mikroa irekita izango du abesteko. Joan den urtean izandako arrakastagatik gonbidatu dute Luque aurten ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak