Mende erdi beteko baditu eskolak, mende laurden baino gehixeago daramatza Marta Izagirrek (Aretxabaleta, 1965) ikasleak, irakasleak eta eskola musikaren besoetara zuzendu nahian; orkestra zuzentzen, zentzu batean. Aldatu egin dira kontsumo ohiturak eta teknologiak, baina beste mende laurden bat, behintzat, beteko dutela nabarmendu du aretxabaletarrak.
Ama zein aita musika mundura lotutakoak izan dituzu. Txikitatik al dator musikarekiko lotura?
Amak pianoa jotzen jakinda, lehenengo, harekin hasi nintzen, etxean. Gero, solfeoarekin hasi nintzen, Aretxabaletan, Alkar elkartean. 7 urte- edo izango nituen.
Musikaren oinarriak ikasita iritsi zinen Arrasate Musikalera?
Pianoko laugarren maila egitera etorri nintzen, eta zazpigarren mailara iritsi arte jarraitu nuen hemen. Irakasle bat baino gehiago pasatu nituen, baina gehien Mertxe Madinabeitiarekin egongo nintzen.
"Ezinezkoa da akatsik gabe jotzea. Beti egon da hanka-sartze bat edo beste"
Garbi zeneukan musika irakasten bukatuko zenuela?
Ez, ez nekien. Ikasketak bukatu aurretik, dudak neuzkan. Aukera bat zen Biologia ikastea eta bestea piano ikasketak bukatzea. Zalantza askorekin esan nuen nengoen punturaino iritsita lehenengo bukatu egingo nuela eta gero ikusiko zer egin. Bukatzeko bi urte egon nintzen bakarrik horretara. Hamar urte musikarekin ibili eta gero, gehiegi zen hori utzi eta gauza berri batekin hastea. Zortzi urterekin aski zen irakasle izateko, baina goi mailako ikasketetan jarraitu nuen, hamargarren mailara arte.
Hamar urte ikasten arituta, zein mailatara iristen zara?
Mozarten, Beethovenen edo Chopinen kontzertuak jotzen dituzu. Azterketa da pianoa ordubete jotzea. Ia-ia kontzertu bat da hori. 20 urterekin hasi zinen irakasle Arrasate Musikalen.
Aldea al dago eskolak jasotzetik eskolak ematera pasatzera?
Ordutxo batzuekin hasi nintzen, ilusioz beteta. Ez neukan lanaldi oso bat. Zer aurkitzen duzun? Topatzen dituzu haur batzuk ez zaiena musika gustatzen; beste batzuk ez dira musikalki onak. Alegia, ez dakite ondo abesten edo lan gehiago behar dute. Denetarik dago musika munduan, baina denekin egin behar duzu lan eta afizioa pizten asmatu behar duzu.
Ikasle bakoitzaren kasua partikularra da?
Hasi nintzenean, ikastera etortzen ziren guztiek kontserbatorioko azterketak gaindituta izan behar zituzten. Irakasleak etortzen ziren Donostiatik hona eta etsaminak hemen egiten zituzten. Etorkizuneko ikasleak oso urduri egoten ziren.
1985an hasi zinen irakasle, baina 1992an musika ikasketak aldatu zituen LOGSE legeak. Zuen jardunean eragin zuen?
Arrasate Musikal musika eskola bilakatu zen. Ordu arte, hezkuntza arautua ematen genuen, baina handik aurrera ez. Aldaketa etorri arte, frustrazio asko sortzen zen ikasleen artean. Askok ez zuten azterketa bat egin nahi edo ez zuten azterketa gainditzeko beharrezko mailarik lortzen. Bi urte ikasten ibili eta gero, etsamina gainditu behar zenuen; batzuek ez zuten azterketa gainditzen eta kaleratuak izaten ziren. Lege aldaketarekin, guztiek jarraitzen zuten. Gero, ez zegoen halako presiorik.
Sarrerarako azterketa ere kendu zuen aldaketak. Jende gehiago erakarri zuen horrek?
Adin tartea zabaldu zuen. Lehen, 8 urterekin sartzen ziren eta ez zen etortzen pertsona nagusiago bat azterketa egiteko. Orain, 4 urtetik aurrera eta adin tarterik gabe aukera dago eskolara etortzeko.
"Konpetentzia handia daukagu; denetarik egin nahi dute haurrek: ingelesa, kirola..."
Musika ikasi ahal izateko prestaketa bat behar zen aurrez; hots, ikaslea prestatu egin behar zen. Oraingo egoerarekin konparatuta, esklusiboago egiten al zuen horrek? Irteera gehiago zeuzkan?
Zentzu batean, bai. Orain gauden irakasle askok hemen ikasi genuen eta bideratu gure ibilbidea musikatik. Zer dela-eta gertatu zen aldaketa? Ikusi zen jende asko gelditzen zela bidean eta guztiek ez zutela behar titulurik, soilik %1ek edo %2k bukatzen zutela irakasle. Egun, musikaren mundura bideratu nahi baduzu zeure burua, kontserbatoriora joan behar duzu. Guk prestatu dezakegu jendea kontserbatorioko azterketa gainditzeko. Benetan interesa duten pertsonak izaten dira.
Etorkizunean musika irakasle izan daitezkeenei buruz ari zara?
Bai. Baina ez da animatzen jende askorik; bi urtean behin batek jarraitzen du, gutxi gorabehera. Goi mailako ikasketak eduki behar dituzu irakasle izateko, gradu baten maila dauka. Elementalean lau urte dira; erdi mailakoa, kontserbatorioan, sei; eta goi mailan, beste lau.
Ikasketa elementalak eskaintzen dituzue Arrasate Musikalen. Nondik hasten da bidea?
Bost urteren bueltan etortzen dira. Lehenengo, izaten dute bi urtez tailer musikala. Denetik pixka bat egiten dugu. Oinarri bat ematen diegu, euren entzumena piztu eta instrumentu bat aukeratzera bideratzen ditugu. Adin horretan oraindik ez dakite musika irakurtzen. Sinbologia erakusten diegu; pentagrama bat zer den, esaterako. Dantzatu eta abestu egiten dute. Denetarik pixka bat.
Noiz hasten dira instrumentuak jotzen?
Gure eskolan, 7 urterekin. Lehen, 8 urterekin izaten zen, eta zenbait eskolatan mantendu du egiten dute hori. Guk batera egiten dugu musika hezkuntza hasi eta instrumentua jo. Haurrak nahi duena instrumentua jotzea da. Ados musika hezkuntza osagarria dela, baina, nahi baduzu instrumentu bat jo, baliabideak behar dituzu; partitura irakurtzen jakin behar duzu, esaterako. Ez baduzu oinarri bat, mugatuta gelditzen zara. Saiatzen gara horretan ahalik eta gehien irakasten.
Portzentaje altuak bukatzen al ditu ikasketak?
Ikasle bat egoten bada hemen 18 urte eduki arte, bete dugu helburua guztiz. Gure helburua da sortzea musikaltasun bat. Instrumentu bat menderatzea oso zaila da. Baina gogo hori izatea, musikarekin gustura egotea, hori dugu helburu.
Irakasle lanetan hasi zinenetik, teknologia franko aldatu da harrezkero. Aldatu egin da eskolak emateko modua?
Instrumentuak ez dira aldatu. Jo egin behar duzu, ikasi egin behar duzu eta orduak sartu behar dizkiozu. Orain, beste tresna batzuk dauzkazu. Nahi baduzu obraren bat entzun, Youtuben dauzkazu mila bertsio, adibidez. Ereduak dauzkazu eskolan erakusteko edo ikasleak bere burua grabatu dezake etxean jotzen. Musika hezkuntzan, solfeoan, duela bi urte ezarri genuen metodologia bat. Orain, ikasleek etxetik ordenagailuarekin ikasi dezakete jolasekin eta irakasleak ikusi dezake konektatu den eta zer moduz joan zaion.
Teknologiak aldatu egin dira, baina aldatu egin dira ikasle profilak?
Bai, eta ez onerako. Orain, konpetentzia handia daukagu. Denetarik egiten dute gazteek: ingelesa, judoa edo beste kirolen bat... Denera iritsi nahi dute. Horrela oso zaila da ematea musikak eskatzen duena. Errutina bat behar duzu, hona etorri behar duzu eta konpromiso bat eduki behar duzu. Kirolak, esaterako, beste sari batzuk dauzka, errazagoak eta azkarragoak. Iraupen lasterketa da musika. Futbolean, hamaika arrazoi dela eta, taldetik kanpo bukatu dezakezu edo aulkian. Gu bakoitzaren erritmora egokitzen gara eta ez dugu inor botatzen.
Musikak ikasteko behar duen beste denbora eskaintzea falta da egun?
Esfortzuaren kultura galdu egin da. Dena azkar lortu nahi dute, epe motzera. Urtebete egon naiz, probatu dut eta listo. Hemen urte bat ez da ezer.
Irakasle lanetan hasi eta hamar urtera bukatu zenuen zuzendari, 1995ean. 27 urte dira jada. Nola baloratzen duzu egindako bidea?
Egia esan, zailena izan da jendearekin harremana. Azkenean, irakasleak zure kideak dira, baina eurek baino ardura gehiago dauzkazu. Denbora tarte honen oroitzapen ona daukat, hala ere. Beti izan dugu helburu, eskola aurrera joateko, Arrasateko edo Debagoieneko edozeini eskaintzea kalitatezko musika hezkuntza.
"Herri batentzako musika oinarrizkoa da; tristea izango litzateke bizitza musika gabe"
Zein izan da erronka nagusia?
Arrasate Musikaleko taldeak izatea maila onarekin, hala nola banda eta orkestra. Beti saiatu gara talde horiek jendearekin elikatzen, zeren atzetik erreleboak ez baldin badatoz talde horiek arriskuan daude. Nik uste dut Arrasate Musikalen zigilua edo gauza garrantzitsuenetakoak direla gure taldeak.
Nolabait, talde horien harrobia zaintzen duzuela esan daiteke?
Bai. Taldeak, azkenean, gure erakusleiho bat dira. Barruan egiten dena hor erakusten da. Batzuei ez zaie gustatzen taldean jotzea, edo lotsa ematen die jendaurrean aritzeak.
Hasierako eraikinera itzuliko zarete urteurrenean. Mugarri bat da zuentzat?
Ilusioarekin hartu dugu eskola berrira joatea. Eraikitzen ari gara, ospitaleko kalean. Lehen Aprendices zena. Gu han hasi ginen. 1972an hasi zen eskola, eta, hasiera batean, egon zen bi urte Metalurgica Cerrajeran, orain Debagoieneko Mankomunitateko eraikina dena; baina gero, Aprendicesera mugitu zen eta han egon da 2007ra arte. Orduan mugitu behar izan genuen, hondatzen hasi zelako eraikina. Laster batean bukatuko da eskola berria. Leku aldatzea nahi genuen lotu 50. urteurrenarekin, ilusio hori daukagu. Jatorrira goaz berriz.
50 urte bete ditu Arrasate Musikalek. 75era iritsiko da?
Ziur. Nik uste dut herri batentzako musika oinarrizkoa dela, eta oso tristea izango litzateke bizitza musika gabe. Uste dut musika gabe ezin garela bizi, bestela oso gaizki gabiltza eta.