2022ko 'Biblioporrak' gida atera du Arrasateko Udal Bibliotekak

Danel Alvarez Davila 2022ko uzt. 1a, 10:29

Biblioporrak gida egin du aurten Arrasateko Bibliotekak, inguruko herrietako liburutegiekin batera. Urteroko gida honetan, CDak, liburuak eta filmak gomendatzen dira, eta bezeroek dohainik eskuratu ditzakete oporretan kultura eskaintza horretaz disfrutatzeko.

Udako oporraldira begira, Biblioporrak gida berria atera du Arrasateko Bibliotekak, Aretxabaleta, Aramaio, Oñati, Bergara, Eskoriatza eta Legazpiko udal liburutegiekin elkarlanean. Urtero argitaratzen den gida honen hogeita zortzigarren edizioa da hau. 

Liburuak, CDak eta filmak gomendatzen dituzte. Euskarazkoak dira gehienak, baina gaztelaniazkoak eta ingelesezkoak ere badira tartean. Adin tarte ezberdinak kontuan hartuta egin dituzte liburu gomendioak; aldiz, aukeratutako musika CD eta filmak nerabeei eta helduei zuzendutakoak dira. Eskaintzen diren berrogeita hamar produktuen artean, Leire Bilbaoren Barruko hotsak poema, Anjel Lertxundiren Botoitxo ipuina, Edna O’Brienen Landa aldeko neskak, Verde Pratoren Kondaira eder hura musika proiektua eta Emmanuel Carrereren En un muelle de Normandía filma daude.

Herri bakoitzeko liburutegiak erabakitzen du gaiaren zabalkundea nola egin.

Betidaniko liburu eta film fisikoak eskuratzeko aukera dagoen arren, azkenengo urteetan eLiburutegia eta eFilma aukerek mailegatze elektronikoa eskaintzen dute. Mendira edo hondartzara doazenentzat oso aukera erosoa da, eta, gainera, dohainik da. Behin irail erdialdea gaindituta, biblioteka hauek elkarlanean sortuko dute, urtero bezala, Neguko gida.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak