Malen Ruiz de Azua herrikidearekin –zilarra– lehia estua izan zuen Axpek.
Behin lortzea ez da erraza, bi urtez jarraian egitea ikaragarria da.
Bai. Oso pozik nago lortutako garaipenarekin. Aurreko urtean ere lortu nuen, ez zen batere erraza izan; eta aurten ere ez, eta hor egoteak poztasun handia ematen dit.
Ze asmorekin joan zinen Nerjara?
Beti bezala, dena lortzera joan nintzen. Egia da urtea ez dela erraza izan, emaitzak ez direla onak izan urte osoan zehar. Baina momentu onenerako heldu naiz; beraz, bikain.
Txapelketa ia perfektua izan zela adierazi duzu.
Planteatutako jauzi eta altuera ia guztiak pasatu nituen lehenengo aukeran, eta horrek ematen dizu jauzi gehiago egiteko aukera. 4; 4,15; 4,25; 4,30; 4,35. Gero, 40an nulu bat egin nuen. Ondoren, Malen eta biok pasa ginen 45era. Lehenengo aukeran egitea lortu nuen. Entrenamenduetan ere oso ondo nenbilen, eta posible zen horrela irtetea, baina jauzi denak lehen aukeran lortzea ez da beti pasatzen, eta oso pozik nago horregatik ere.
Denboraldiko orain arteko puntu gorena izan da?
Bai. Neguan eta oraintxe arte asko kostatu zait disfrutatzea. Ez dut sasoi ona sentitu, eta zer egin zalantzak izan ditut, denboraldiarekin jarraitu edo ez. Pentsatu nuen agian orain iritsiko zitzaidala sasoi ona. Duela bi aste hasi nintzen ondo sentitzen, eta pentsatu nuen: "Entrenamenduetan hau irteten ari da, txapelketan ere atera daiteke zerbait polita. Beraz, aurrera".
Koltxonetara eroritakoan egindako keinuak erakusten zuen jauzia ona izan zela benetan.
Bai. Momentuko emozio guztia kanpora ateratzen da. Denbora pila bat, hiru urte inguru, neraman txapelketa baten halako jauzi politik egin gabe. Berriro halako sentsazioak izateak emozioa eragiten du.